Elizondoko Berro auzoko Poskonea baserrian Tasubinsak duen lantegiak Ate Irekien Eguna izan du astearte eguerdian. Poskonean lanean ari diren 27 langileetatik %90ak ezintasunen bat dauka eta egunero joaten dira lanera edota okupazio terapiaren bat burutzera. Bertzeak bertze Baztango berdeguneak zaintzea, garbitasuna, eraikin eta azpiegituren kontserbazio lanak eta gisako lanak egiten dituzten, Baztan Balleko Etxearendako, Gestion Ambiental Viveros y Repoblaciones de Navarra enpresarendako, Hostal Baztanentzat, Elizondo-Lekaroz Instituarendako eta bertze hainbat lantegirendako.
1981 urtetik lanean
Bisita hasi baino lehen, Juanjo Otermin Poskoneako arduradunak eta Guillermo Arrizabalaga Tasubinsako zuzendari gerenteak solasalditxo bat eskaini dute eta ikusentzuneko baten bidez, lantegian egiten diren lanen berri eman dute. Juanjo Oterminek aipatu duenez, Poskonean 1981ean hasi ziren lanean, Baztango ANFASen ekimenez. Lehenik errentan hartu zuten baserria eta gero, Pablo Iturria zenak erosi egin zuen. Auzolanaren bitartez enpresa egitura eman zioten eta hasiera batean nekazaritza eta abeltzaintza lanak egiten zituzten, untxiak, oiloak eta ardiak haziz eta baratzea landuz. Baina abudo, bertze produkzio lanei ekin zioten. Gaur egun, Juanjo Oterminen erranetara enplegu zentru bereziko 12 lagun eta 9 erabiltzaile okupazional ari dira lanean. Poskoneako langileek kable elektrikoak manipulatzen ditu Liebherr, Pevi eta BSHrendako eta kable metalikoak Pfeifer enpresarendako. Luis Bidegain langileak aipatu digunez, BSH frigorifikoendako bertzelako osagarriak ere egiten dituzte, bai Berriozarren duen lantegiarendako baita Alemaniakoarendako ere. Gainera, lorezaintza lanetarako zazpi laguneko lantaldea dauka.
1.300 langile Nafarroa osoan
Guillermo Arrizabalagak Tasubinsako datu orokorrak eman ditu eta Nafarroa osoan dituen hamahiru lantegietan 1.300 lagun okupatzen dituela aipatu du. 1989an sortu zenetik, ezintasun psikikoa duten pertsonen gizarte eta lan integrazio osoa lortzea du helburu. Krisi garaiak, halere, Tasubinsan ere eragin omen du eta bezero berrien bila dabiltza. Astearteko bisita gidatuan Virginia Aleman Baztango alkatea eta Santiago Aldako alkateordea, Elizondo-Lekaroz Instituko orezkariak, Jose Luis Ruiz Ciruelos Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari gerentea eta Viveros y Repoblaciones, PEVI, Cederna edo Bertizko Partzuergo Turistikoko ordezkariak izan dira.