Baztango Udaberriko Feria ortziralean eginen da Elizondon

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 14a

Ahari lehiaketa eta bertako produktuen azoka antolatu dira

Udaberriko Feria apirilaren 17an ospatuko da Elizondon, Baztan Balleko Udalak antolatuta, Bertizko Partzuergo Turistikoaren, Cederna-Garalur erakudearen eta Elizondoko herriaren laguntzarekin. Izan ere, aurten, Bertizko Partzuergoaren “Baztan-Bidasoako bizitzeko moduak” izeneko promozio kanpainaren barnean eginen da Udaberriko Feria eta Nafarroako Gobernuak ere diruz lagunduko du.

Ahari lehiaketa

Goizeko 10:00etan azienda feria eginen da Merkatuko Plazan eta ahari lehiaketa ere eginen da. Ahariak goizeko 11ak baino lehen aurkeztu beharko dira. Sariei dagokienez, sei emanen dira, hiru mutur gorriendako eta bertze hiru mutur beltzendako. Bi kasuetan saria bera izanen da. Lehenengo saria kaiku bat eta 75 euro, bigarren saria 50 euro eta hirugarren saria 30 euro.

Bertako produktuen feria

10:00etatik 13:30era bertako produktuen feria eginen da Foruen Plazan. Gasna eta esnekiak ekarriko dituzte Arizkungo Baztandarra eta Baztan kooperatibek eta Elizondoko Etxetxipia, Anizko Jauregia eta Amaiurko Mendialde gasnategiek. Edariak ekarriko dituzte Arizkungo Licores Baztan eta Lekarozko Larraldea sagardotegiak; kontserbak Almandozko Beolak eta horretaz gain, Zubietako Joxepa Loiarte eta Elizondoko Santi Ballarenaren taloak eta Malkorrako txokolateak dastatzeko aukera izanen da. Artisauak ere lanean ariko dira: Santiago Oteiza, Joaquin Elizegi eta Fulgencio Oteiza zura lantzen, Aitor Gizasola eta Nagore Intxausti zilarrarekin, Inma larruarekin, Julio eta Ana pomadekin eta Pedro Zapata forja lanekin.

Hainbat ekitaldi eta sari banatzea

11:00etan bildots erretze erakustaldia eginen da Merkatuko Plazan. Ordu berean txistulariek bere emanaldia eskainiko dute. 12:00etan Baztango dantzariak ariko dira. 12:30ean txalaparta emanaldia eta baztan-zopen dastatzea izanen da. 13:30ean ahari lehiaketaren sari banaketa eginen da Merkatuko Plazan. Aziendak aurkezten dituzten abeltzainak bazkaltzera gonbidatuak egonen dira. Arratsaldez ere bertako produktuen feria izanen da eta dantzaldia ere eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun