Baztango Udalak eta Kontseiluak lankidetza hitzarmena berritu dute

ttipi-ttapa 2009ko apirilaren 8a

Xabier Mendiguren eta Martin Gade, hitzarmena sinatzen. TTIPI TTAPA

Euskara Bai ekimena txoko guzietara zabaltzen ari dela nabarmendu du Xabier Mendigurenek

Baztanen euskara gero eta indar handiagoz sustatzeko helburuarekin, lankidetza hitzarmena berritu dute Baztango Udalak eta Kontseiluak apirilaren 7an egindako sinadurarekin. Duela sei urte hasi ziren elkarlanean Baztango Udala eta Kontseilua, eta lortutako emaitza onak ikusita, bide beretik segitzea erabaki dute. “Administrazio eta entitateek arduraz jokatu behar dugu eta hizkuntza politika eraginkorrak indarrean jarri behar ditugu. Euskaraz bai dinamikaren bidez horretan eragiteko markoa eskaintzen digu Kontseiluak eta hitzarmen honen bidez bide beretik jarraitzeko ardura berresten dugu”, adierazi du Baztango euskara zinegotzi Martin Gardek.

Euskaraz Bai

Xabier Mendigurenek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lankidetza hitzarmena berritzeagatik poza adierazi du. Apurka Euskaraz bai txoko guztietara zabaltzen ari dela nabarmendu du Mendigurenek “igandean amaitu zen Korrikak ere lau haizetara zabaldu du mezu hori, euskaraz bizi nahi dugula, alegia.” Lanean segitzeko deia eta gonbidapena ere luzatu ditu Kontseiluaren idazkari nagusiak. “Jakina da Kontseiluak 10 urte egin zituela aurreko urtean eta lan itzela egin dugu. Txalupa bikaina osatu dugu guztion artean, ederki egin dugu boga, eta arraun egokiak ditugu gure lana bultzatzeko. Hurbilago ditugu orduan jarritako helburuak. Baina oraindik ez dugu modurik euskaraz bizitzeko. Beste aupada bat behar dugu. Horregatik, ‘Euskaraz bai’ leloa. Argi gera dadin euskaraz lan egin nahi dugula, euskaraz egin nahi dugula etxean eta lagunartean, euskaraz ikasi eta irakatsi nahi dugula, administrazioarekin harremanak euskaraz nahi ditugula…”, azaldu du.

Aseguru-etxeetan eragiteko plana

Epe laburrean abiatuko den dinamika nazionalaren aurrerapena ere egin du Mendigurenek. Aseguru-etxeetan eragiteko plana egin du Kontseiluak eta egun batzuk barru aurkeztuko badu ere, Baztango euskalgintza eta udalarekin elkarlanean arituko direla aurreratu du. Oianko Gardek, Euskaraz bai dinamikaren teknikariak eman ditu xehetasun gehiago. “Abian jarriko dugun kanpaina honek aseguru-etxeek eskaintzen diguten zerbitzua euskaraz ere jasotzea du helburu. Izan ere, aseguruak derrigorrez izan beharreko dokumentuak dira eta nagusiki gaztelaniaz jaso ohi ditugu”. Eskaerak era guztietako entitate (taberna, komertzio, elkarte…) eta norbanakoek egiteko aukera egonen da. Aipatu kanpaina, apirilean hasi eta ekaina bitarte eginen da. Akitzeko, jende guztiak dinamika honetan parte hartzera gonbidatu dituzte agerraldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun