Espainiako Gobernuak emanen duen dirulaguntzarekin, Baztanen eginen diren lanak lehiaketara atera ondotik, obrak laster hasiko direla iragarri du Udalak. 1.388.827 euroko aurrekontuarekin Baztan frontoiaren teilatua eta fatxada konpondu, Elizondoko Abastos plazako lanak eta Jaime Urrutia karrikaren zolaberritze lanen bigarren fasea eginen dira.
Abastos plaza
Abastos plazako lanak Silvia Barbarin udal arkitektuak egindako memorian oinarrituz eginen dira, 398.055,39 euroko aurrekontuarekin. Zazpi hilabete izanen ditu enpresa arduradunak obrak egiteko eta gehienez ere, abenduaren 1erako eginak egon beharko dute.
Baztan frontoia
Baztan frontoiko lanak 795.444,89 euro kostako dira, eta Erratzuko Etxelebert eta Almandozko Ederrena pilotalekuetako lanak egin dituzten Danboriena Olaetxea arkitektuek egindakoa da proiektua. Lanak egiteko zortzi hilabeteko epea izanen du enpresa aukeratuak.
Jaime Urrutia
Jaime Urrutia karrikaren bigarren zatia zolaberritzeko, berriz, 231.326,72 euro erabiliko dira. Arizkunenea Kultur Etxetik Osasun Zentrora bitarteko tartea sartzen da proiektu honetan eta bidea espaloien altuerara altxatu eta oztopo arkitektonikoak kenduko dira. Udal arkitektuaren memorian oinarrituz, obrak hauek egiteko epea bortz hilabetekoa izanen da.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!