Kenduko zutela iragarri eta kendu, baina erabakia gibelera bota eta berriz zabaldu. Horixe bera egin du Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak Oronoz-Mugairiko larrialdietarako zerbitzuarekin. Osasunbidearen erabakiz, martxoaren 1ean Baztanen ordura arte zeuden larrialdietarako bi puntuetatik bat desagertu egin zen, Oronoz-Mugairikoa, hain zuzen. Hala, Elizondoko gaueko zerbitzua baino ez zen gelditu Baztan guzirako. Martxoaren 17an, ordea, Maria Kutz Osasun kontseilariak Baztanera egindako bisitan, Oronoz-Mugairiko larrialdietarako kontsultategia berriz zabalduko zutela agindu zuen, Baztandik egindako eskaria aintzat hartuz. Eguneko 24 ordutan mediku eta erizain bat egonen dela ziurtatu zuen. Horrez gain, Oronoz-Mugairiko kontsultategia haunditu eta egokituko zutela era iragarri zuen.
Elizondoko zentrotik zenbait aparatu kendu dira, hala nola, X izpiak. Horren harira, etorkizunean Doneztebeko Osasun Zentroa haunditzen denean hutsune hori konponduko dela aipatu zuen Kutzek, Doneztebekoa eskualde osorako izanen delako.
Virginia Aleman alkateaz gain, NaBaiko Martin Garde eta UPNko Jose Mari Garmendia zinegotziak, eta herrietako alkateak bildu ziren Osasun kontseilariarekin: Xabi Torres Elizondoko alkatea, Asier Maritorena Anizko alkatea, Juanjo Bidart Erratzukoa, Arantxa Zelaia Berroetakoa, Bittor Elizagoien Oronoz-Mugairikoa, Pello Obregozo Iruritakoa, Jon Alkasena Azpilkuetakoa eta Pablo Zenoz Zigakoa.
Denak pozik agertu ziren Oronoz-Mugairiko larrialdietarako zentroa berriz zabaldu delako. Dena den, pediatriaren postua betetzeko eskatu zuten, eta langilegoan dauden gainerako gabeziak betetzeko. Baztanera egindako bisitan, Osasun kontseilaria Benito Menni zentro pribatutik ere pasatu zen.