Euskadiko sokatira txapelketako azken txapela ere Abadiñok jantzi zuen Elizondon

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 30a, 14:04

Etxauriko Harria txapelketan Aimar Irigoien nagusitu zen

Abadiñok irabazi du Euskadiko Sokatira Txapelketako laugarren txapela, larunbatean, Elizondon. Hain zuzen ere, 560 kiloko txapela jantzi zuen, hirugarren eta azken jardunaldiko saioa Berriozarrek irabazi baldin bazuen ere. Ondorioz, 680, 640, 600 eta 560 kiloetako txapelak bereganatu ditu Abadiñok, iaz bezala. Aitzineko bi jardunaldietan bezala, bost talde aritu ziren lehian Elizondoko kiroldegian: Abadiño, Berriozar, Amaiur, Ezpeletako Ñapurrak eta Baiona. Amaiurtarrek bazuten txapeldun izateko aukerarik. Saioko lehen aurrez aurreko lehiatua Abadiñok eta Amaiurrek jokatu zuten, eta bi tiraldiak Abadiñok irabazi zituen, faltak eraginda Amaiurri. Bigarren lehia estua Amaiurrek eta Berriozarrek jokatu zuten. Ezpeletan Amaiur nagusitu zitzaion Berriozarri, baina Elizondon alderantzizkoa gertatu da, Berriozarrentzat izan baitziren bi tiraldiak. Berriozar arras motibaturik kantxaratu zen, Abadiñoren aurkako ondorengo txanda ere irabazi egin baitzuen. Bertzalde, Baionak eta Ñapurrakek berdindu egin zuten, elkarri tiraldi bana irabaziz; gainerako taldeen aurka galdu egin zuten. Hala ere, baionarrek ezin izan dute sailkapen orokorreko azken postua saihestu.

560 kiloko hirugarren jardunaldiko sailkapena

1. Berriozar (Nafarroa): 5 puntu 2. Abadiño (Bizkaia): 4 puntu 3. Amaiur (Nafarroa): 3 puntu 4. Baiona (Lapurdi): 1,5 puntu Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi): 1,5 puntu

560 kiloko azken sailkapena

1. Abadiño (Bizkaia) 13 puntu 2. Berriozar (Nafarroa) 12 puntu 3. Amaiur (Nafarroa) 11 puntu 4. Ñapurrak (Ezpeleta, apurdi) 5,5 puntu 5. Baiona (Lapurdi) 3,5 puntu

Etxauriko Harrian Aimar Irigoien garaile

Seigarren urtez igandean jokatu zen Etxauriko harri-jasotze txapelketa, eta lehen aldiz irabazi du txapelketa Aimar irigoienek, 13 jasoaldi eginda. Horrenbertzez, Joseba Ostolazak 2007an ezarritako marka berdindu egin du errezildar gazteak. Hiru harrijasotzaile gazte lehiatu ziren 136,5 kiloko harri traketsarekin zeinek jasoaldi gehien egin: iaz txapeldun izan zen Josetxo Urrutia leitzarra, Nafarroako txapeldun den Unai Bertiz sunbildarra eta Aimar Irigoien errezildarra, harri handi eta txikietako Euskadiko txapelduna. Harri-jasotzaile bakoitzak bosna minutuko txandak egin zituen. Irigoien txapeldunak hamalaugarren jasoaldia ere egin zuen, baina epaileak ez dio jasoaldia ontzat eman. Unai Bertizek hiru jasoaldi egin zituen iaz, baina igandea lau gehiago egin ditu, zazpi alegia. Josetxo Urrutia sailkatu zen hirugarren, jasoaldirik egin gabe. 2005ean bederatzi jasoaldi egin zituen leitzarrak eta iaz txapela jantzi zuen sei jasoaldi eginda. Igandeko saioaren aurreko entrenamendu saioan ere eginak zituen dozenaerdi bat jasoaldi, baina proban ezinean ibili da, horren zergatia berak ere ez dakiela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun