Nafarroako txapelaren bila zortzi bertsolari ariko dira lehian larunbat honetan Elizondon

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 18a

TTIPI TTAPA

17:00etan dute hitzordua Lur dantzalekuan

Finalerdi guztiak bukatuta, larunbat honetan jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako final haundia. Orain arteko saioetan jasotako puntuazioaren arabera, zortzi bertsolari hauek ariko dira Elizondoko Lur dantzalekuan jokatuko den saioan: Xabier Silveira (Lesaka, 1975); Julio Soto (Iruñea-Gorriti, 1987); Iñigo Olaetxea (Lesaka, 1975); Erika Lagoma (Lesaka, 1981); Xabier Legarreta (Arano, 1977); Julen Zelaieta (Bera, 1980); Jon Barberena (Elizondo, 1979) eta Ander Fuentes Itturri (Zubieta, 1979). Zortzi bertsolari hauen artean, Ander Fuentes izanen da estreinakoz finalean ariko den bakarra. Gainerakoak lehendik ibilitakoak dira. Dena den, aipatzekoa da, Eneko Lazkoz eta Jon Elizetxek ere zubietarraren puntuazio berdina jasoz zutela finalaurrekoetan. Berdinketa hirukoitza izan zen, beraz. Baina ordura artelortutako puntuazioak kontuan hartuz, zubietarrak egin zuen aitzinera.

Xabier Silveira 346,5 puntu lortuta, Julio Soto 334 eskuratuta eta Iñigo Olaetxea 322,5rekin izan dira finalerako sailkatu diren lehenbiziko finalistak, Altsasu, Antsoain eta Goizuetako finalerdietan lehenbiziko postuak lortu ondotik. Gainerako bortzak, berriz, puntuaziorik onena jaso dutenak dira: Erika Lagoma 331 puntu lortuta, Xabier Legarreta 316rekin; Julen Zelaieta 308,5 eskuratuta, Jon Barberena 308 punturekin eta Ander Fuentes 307,5 lortuta.

Lehia estua

Orain arte bezala, aurtengo finalean ere lehia estua espero da, berdintasun haundia baitago zortzien artean. Elizondoko saioan Nafarroako bertsolaririk onena zein den erabakitzeaz gain, aurten jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusirako lau txartel jokoan izanen dira. Finala 17:00etan hasiko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun