Nafarroako Gobernuak Elizondon Foru Poliziaren komisaria berria eraikitzeko lanak hasi ditu. Egitasmoa Nafarroa 2012 Planean dago jasoa, eta milioi bat euro jarriko dira, aurten eta datorren urtean, proiektua garatzeko. Elizondoko polizia-etxea sortzeko erabakia 2006ko abenduan hartu zen. Geroztik, Santiago Karrikan egon da. Orain, instalazio haundiagoak izanen ditu. Baztanberri plazan eginen da, ia 893 metro koadro dituen lursail batean, eta han egonen dira bulegoak, ibilgailuak eta gainerako bitartekoak. Eraikina egiteko gastuak Gobernuak hartuko ditu bere gain, baita ekipamenduaren eta urteko funtzionamenduaren gastuak ere. Gobernuak 600.000 euro jarriko ditu 2009an eta 400.000 euro 2010ean.