Osasunbideak iragarri bezala, martxoaren 1etik Oronoz-Mugairiko kontsultategian zegoen larrialdietarako puntua desagertua dago. Honek baztandarren haserrea bertzerik ez du sortu.
Herrietako alkateen lehenengo ekimena, prentsaurrekoa izan zen, eta Batzar Nagusiaren bilkura berezia etorri zen gero. Orain, herriz herri, bertze aukera dago: baztandar guztiek bere kexa aurkez dezakete Nafarroako Arartekoaren aitzinean, posta elektroniko edo arruntaren bidez.
Oharrarekin batera, erabil daitekeen gutun eredua ageri da: «Osasunbideak gaueko 10etatik aitzinera Oronozko mediku-erizain lantaldea ezabatzeko erabakia hartu du. Bidegabea izateaz gain, ausarkeria galanta iruditzen zaigu.Hau delaeta zuregana jotzen dugu arazo honen aitzinean esku har dezazun».
Horrekin batera, beharrezkoa da hau jartzea: izena, bi abizen, helbidea, posta kodea, herria, telefonoa, kexaren arrazoi argi eta zehatzak. Ondotik, helbide hauetara bidali behar da. Posta arrunta bada: Nafarroako Arartekoa, Arrieta karrika 12, 31002, Iruña. Posta elektroniko bidez, berriz: info@defensornavarra.com helbidera.
Agian oroitarazi behar da, Baztanek 375 kilometro koadro, 8.000 biztanle inguru, 15 herri eta hainbertze eta hainbertze auzo eta baserri sakabanaturik dituela; Norbaitek bizia galtzean, 40 kilometroko tartean aldi berean bi larrialdi izatean eta bertze hainbat kasutan, agian Osasunbidea orduan ohartuko da baztandarrok eskatzen duguna, ez dela luxuzko kapritxo bat, oinarrizko zerbitzu bat baizik.