Irurita-Elizondo parean egitekoa den saihesbide lanak egiteko baimena eman du Nafarroako Gobernuak. Proiektu honen helburua gaur egun Elizondoko zeharbidetik igarotzen den trafikoa saihestea da eta obren lizitazio-aurrekontua 13.029.078,02 eurokoa da. Halaxe jakinarazi zuen Gobernuak martxoaren 2an Lekarozera egin zuen bilkuran.
5,8 kilometroko bidea
Iruritaren eta Elizondoren iparraldetik barrena eginen da errepide berria, eta 5.800 metro izanen ditu guztira. Trazatuaren hasieran, hau da, Arraiozko saihesbidearen akaberan, biribilgune bat eraikiko da. Segidan, Iruritako erreka gurutzatu eta Oharrizen dagoen arrain-haztegiari eragin gabe, NA-4405 gainetik gurutzatuko du.
Errepide horrek gaur egungo N-121-B Oharrizekin lotzen du.
Trazatuak trenbide zaharraren plataforma aprobetxatuko du. Baztan ibaira iristean, bidezubi baten bidez zeharkatuko du, eta hortik iparraldera eginen du, eta NA-4405 eta NA-4403 berriro zeharkatuko ditu; azken hori zeharkatzeko biribilgune bat eraikiko da.
Bordatxuri muinoa zeharkatu ondotik, Elizondon sartzeko biribilgune bat aurreikusi da. Biribilgune horretatik aitzinera planeamenduan ezarritako gainerako bideak abiatuko dira.
Saihesbideak Elizondoko eta Elbeteko herriguneak iparraldetik inguratuko ditu, azken herri horretako hilerria gaindituz, Elbeten sartzeko biribilgunea eginen da, eta saihesbidea N-121-B errepidearekin lotzen duen biribilgune batean akituko da.
Ezaugarriak
Errepide bideak 7 metroko galtzada, 3,5 metroko bi errail, metro eta erdiko bazterbideak eta metro erdiko bermak izanen ditu. Bertzalde, biribilguneek 8 metroko zabalerako eraztun-itxurako galtzada, metro eta erdiko kanpoko bazterbideak eta metro bateko barreneko bazterbideak dituzte, eta horien kanpoan 0,50 metroko berma kokatuko da.
Guztira, proiektuan 6 biribilgune, 4 bidezubi eta errepidearen azpitik 4 pasabide eraikitzea aurreikusi da.
Obra hau Nafarroako Gobernuaren eta SPRIN sozietate publikoaren arteko lankidetza-hitzarmenean garatutako Errepideak Azeleratzeko Planean bilduta dago, eta gainera, Nafarroa 2012 Planaren barruan sartuta dago, egungo krisi-egoera gainditu eta Nafarroa lehiakortasunaren eta gizarte- aurrerapenen agertokian kokatzeko.
Golf zelaia Lekarozen?
Lekarozen golf zelaia egiteko asmoa dagoela zabaldu den arren, Virginia Aleman alkateak Ttipi-Ttapari adierazi dionez, «ofizialki ez dago deus ere, ez da proiekturik sartu». Duela hiru urte golf zelaia egiteko interesa azaldu zuen enpresa berak berriz egin du proposamena, baina horren inguruan momentuz, «enpresarekin informazio bilerak bakarrik egin dira». Bere garaian Udalak ezezkoa eman zion proiektuari.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!