Baztandarren Biltzarra elkarteak uztailaren 19an ospatuko den Baztandarren Biltzarra ospakizunerako kartel lehiaketa deitu du aurten ere. Kartel guziek ondoko testua agertu beharko dute: Baztandarren Biltzarra 09. Elizondon uztailaren 19an. Eskuarak batzen gaitu. Apirilaren 16ko eguerdiko 12etarako Baztandarren Biltzarraren esku egon beharko dute lehiaketarako kartelak. Horretarako, Baztandarren Biltzarra Elkartea, 22 P.K, 31700 Elizondo helbidera igorri edo Arizkunenea Kultur Etxean utzi behar da, bulego orduetan, lehiaketa hauetan ohikoa den sistema erabiliz.
50x70 cm.koa gehienez
Kartelaren neurria 50 x 70 cm.koa izanen da gehienez jota, edozein teknika zein kolore erabil daitekeelarik. Informatikako euskarrian egindako kartelak, artxiboak lagunduta joan daitezke, irabazleak suertatzekotan hobe inprimatu ahal izateko. Kartel sarituaren egileak Baztandarren Biltzarra elkartearen esku utziko ditu kartelaren erreprodukzio eskubideak. Galarazita geldituko da kartel irabazlearen erreprodukzioa, erabilitako euskarria edo teknika edozein izanik ere, antolatzaileen baimenarekin ez baldin bada.
Epaia apirilaren 20tik aitzinet
Epaimahaiak epaia 2009ko apirilaren 20tik aitzinet ezagutzera emanen du, irabazleari zuzenean eta gainerakoei ohiko komunikabideen bidez. Epaimahaiak kartel bakarra hautatuko du. Irabazleak 600 euro jasoko ditu Baztandarren Biltzarra egunean. Epaimahaiak erabaki dezake batere kartelik ez aukeratzea. Uztailaren 20tik aitzinet, parte-hartzaileek beren kartelak berreskura ditzakete.