Martxoaren 13an, ortziral goizean, Baztango Udaletxeko Ganbaran Baztango Udala eta Kunsthal-Irun Arte Plastikoetako eta diseinuko Zentroaren artean elkarlanerako hitzarmena sinatu da. Ekimen honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik Kunsthal zentroko ikasleek Baztango zenbait eremu publikoen gainean hausnarketa egitea proposamenak aurkeztuz eta bertze aldetik Baztango Udalak eremu publiko hoietan jarduteko irizpide berritzaileak kontuan hartzea. Baztango Udalaren izenean Virginia Aleman Arrastio alkateak sinatu du hitzarmena hau eta Kunsthal zentroaren izenean zuzendaria den Mª Angeles Rubio Herrera.
Erakusketa zabalik
Ondotik, "Kunsthalen proposamenak Baztango Ballararentzako" izenburua duen erakusketaren inaugurazio ekitaldia burutu da. Hain zuzen, joan den urteko otsailetik ekainera bitarte, Irungo zentruko ikasleak bi arlotan aritu ziren lanean Baztanen. Alde batetik, zabor edukiontzien inguruan hausnartu beharko dituzte proposamenak —kamuflajea, balioaniztasuna eta grafismo aplikatuan oinarrituz—. Bertzetik, berriz, Baztan Berriko Plazaren itxura hobetzeko ideiak proposatu behar zituzten. Egindako lanak erakusgai paratu dituzte orain, herritarrek ikus ditzaten.