Nafarroako Gobernuak, astelehenean Lekarozen egindako batzarrean hartutako akordioan, Laura Alba Cuadrado Herri Lan Departamentuko kontseilariari Elizondoko saihesbideko obrak, Irurita-Elizondo parean, kontratatzeko baimena eman dio, 13 milioi euroren truke. Obra hau Nafarroako Gobernuaren eta SPRIN sozietate publikoaren arteko lankidetza-hitzarmenean garatutako Errepideak Azeleratzeko Planera bilduta dago, eta gainera, Nafarroa 2012 Planaren barruan sartuta dago, gaur egungo krisi-egoera gainditu eta Nafarroa lehiakortasunaren eta gizarte-aurrerapenen agertokian kokatzeko.
13 milioi euro
Irurita-Elizondo saihesbidea eraikitzeko proiektuaren helburua gaur egun Elizondoko zeharbidetik igarotzen den trafikoa saihestea da. Obren lizitazio-aurrekontua 13.029.078,02 eurokoa da. Errepide berria eginen da Iruritaren eta Elizondoren iparraldetik, eta 5.800 metro izanen ditu guztira. Trazatuaren haseran, Arraiozko saihesbidearen akabailan biribilgune bat eraikiko da. Segidan Iruritako erreka gurutzatu eta Oharrizen dagoen arrain-haztegiari eragin gabe, NA-4405 gainetik gurutzatuko du. Errepide horrek gaur egungo N-121-B Oharrizekin lotzen du.
Bidasoako Trenbidearen trazatua arpobetxatuz
Trazatuak trenbide zaharraren plataforma aprobetxatzen du. Baztan ibaira iristean, bidezubi baten bidez zeharkatuko du, eta hortik iparraldera eginen du, eta NA-4405 eta NA-4403 berriro zeharkatuko ditu; azken hori zeharkatzeko biribilgune bat eraikiko da. Bordatxuri muinoa zeharkatu ondotik, Elizondon sartzeko biribilgune bat proiektatu da. Biribilgune horretatik aitzinera planeamenduan ezarritako gainerako bideak abiatuko dira. Saihesbideak Elizondoko eta Elbeteko herriguneak iparraldetik inguratuko ditu, azken herri horretako hilerria gaindituz, Elbeten sartzeko biribilgunea eginen da, eta saihesbidea N-121-B errepidearekin lotzen duen biribilgune batean akitzen da. Saihesbideak 7 metroko galtzada, 3,5 m-ko bi errail, metro terdiko bazterbideak eta metro erdiko bermak izanen ditu. Bertzalde, biribilguneek 8 metroko zabalerako eraztun-itxurako galtzada, metro terdiko kanpoko bazterbideak eta metro bateko barreneko bazterbideak dituzte, eta horien kanpoan 0,50 metroko berma kokatuko da. Guztira, proiektuan 6 biribilgune, 4 bidezubi eta errepidearen azpitik 4 pasabide eraikitzea aurreikusi da.
2010erako Polizia Foralaren komisaldegi berria Elizondon
Bertze aldetik, Nafarroako Gobernuak Elizondon Polizia Foralaren komisaria berria eraikitzeko izapideak hasi ditu. Ekintza hori Nafarroa 2012 Planean dago jasoa, eta milioi bat euro jarriko dira, aurten eta datorren urtean, proiektua mamitzeko. Gobernuak gaur eman dio ahalmena lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Caballero Martinezi aipatu hitzarmena sinatzeko; hitzarmen horren bitartez, Baztango Udalak lursail publiko bat jarriko du Gobernuaren eskura, doan, komisaria eraikitzeko. Elizondoko polizia-etxea sortzeko erabakia 2006ko abenduan hartu zen. Ordudanik, polizia-etxea Santiago kaleko 57 zenbakian egon da, bulego txiki batean. Alde horretatik, Nafarroa ipar-mendebaldeko udalerrien zerbitzuak hobetu nahi dira instalazio gehiago jarrita eta daudenak hobetuta. Komisaria Baztanberri plazan egingo da, ia 893 metro koadro dituen lursail batean, eta han egongo dira lurralde hartako polizia funtzionarioen bulegoak, ibilgailuak eta poliziek behar dituzten gainerako bitarteko materialak. Horretarako, Baztango Udalak ez du Udal Plana zertan egokitu, lursaila lagatzeko lurzoru publikoa baita. Elizondon egingo den ingurabideari esker, gainera, komisaria eta herrigunea lotuko dira, zubi berri batekin; ingurabideak, noski, bailara osoko komunikazioa hobetuko du. Eraikina egiteko gastuak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak hartuko ditu bere gain, baita ekipamenduaren eta urteko funtzionamenduaren gastuak ere. Proiektuaren eskaintza laster egingo da, obrak aurten haste aldera. Proiektua gauzatzeko, Gobernuak 600.000 euro jarriko ditu 2009an (proiektua eta obraren egikaritzea) eta 400.000 euro 2010ean. Izan ere, bi alderdiek laster sinatuko duten hitzarmenaren arabera, obrak 2010ean egon behar dute bukatuta.
70 atxiloketa 2008an
Elizondoko komisaldegiam zerbitzu hauek eskaintzen dituzte: salaketak, hiri segurtasuna, zirkulazioa eta ikerketa. Hori, bailara hauei: Bortziriak, Urumea, Doneztebe, Bertizarana, Baztan, Odieta, Ultzama eta Anue. Bailara horietan, guztira, 25.500 biztanle daude. Komisaldegi horretako 23 agenteek 70 pertsona atxilotu zituzten 2008an eta beste pertsona bati arau-hauste bat egotzi zioten. Zirkulazioarekin eta ingurumenarekin zerikusia zuten 397 salaketa bideratu zituzten, baita hiri segurtasuneko legeei lotutako beste 74 salaketa ere. Horrez gain, 60 droga-konfiskazio egin zituzten eta laneko eta zirkulazioko 331 istripuetan lan egin zuten. Gainera, agenteek 13.000 ibilgailu inguru gelditu zituzten kontroletan, 8.000 pertsona baino gehiago identifikatu zituzten.