Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak Virginia Aleman Baztango Udaleko alkatearekin eta Miguel Angel Letamendía Lekarozko Ikasle Ohien Elkarteko presidentearekin Lekarozen goi mailako kultura, hezkuntza eta ekonomia ekimenen arlo berria garatzeko lankidetza-akordioa sinatu zuen astelehen goizean. Nafarroa 2012 Planaren barruko jardun hori garatzeko, Nafarroako Gobernuak guztira 12 milioi euro bideratzea adostu du.
90.000 metro koadro
Arlo berria 90.000 metro koadro inguruko azaleran kokatuko da, Lekarozko eskola zaharrari lotutako lursail nagusiak bateratu ondotik. Akordioan ezarritakoaren arabera, "espazio urbanizatu berria eratu nahi da, kalitatea, paisaia-integrazioa eta ingurumen pribilegiatua errespetatuz, arlo berri honetan askotariko ekimenak ezarri ahal izateko". Modu horretan, goi mailako jarduera ekonomikoaren poloa sortu nahi da Baztan haranean "polo horrek eragin-esparruan ondorio nabarmenak izan ditzan, hori guztia Nafarroako inguru hau garatzeko estrategien barruan", dio testuak.
Osorik botako dute Lekarozko Eskola
Proiektua garatzeko, akordioaren arabera "Lekarozko eskola zaharreko eraikinen eta instalazioen egoera txarra ikusita", osorik botako dira, eliza-kapera izan ezik; eta "egoki ikusten bada, eskola zaharreko bigarren mailako beste instalazio batzuk ere eraitsiko dira". Hala ere, eragiketa horrek ez du ukituko lursail nagusiaren hego-ekialdeko muturrean dagoen eraikina, Lekarozko Ikasle Ohien Elkartearen instalazioak eta Bide-Lagun Fundazioa hartzen dituena. Bestalde, akordioaren arabera, Lekarozko Arloan Baztango Kultur Etxe berria ezarriko da, Nafarroako Kultur Etxeen programaren barrenean.
Urbanizazio lanak
Bertzalde, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak kasuan kasuko dokumentazio teknikoa prestatu, urbanizazio-lanak egin eta Lekarozko Arlo berrian ekoizpen-izaerako proiektuak gehituko ditu, eta SPRIN sozietate publikoak jarduera teknikoetan eta kudeaketa-jardueretan parte hartuko du ekimen hau osorik garatzeko. Horrez gain, proiektuaren garapenaren jarraipena egiteko, Nafarroako Gobernuko ordezkariek, Baztan haraneko Udaleko ordezkariek eta Lekarozko Ikasle Ohien Elkarteak osatutako batzordea eratu da gaur, proiektuko faseak kontrolatzeko, proposamenak egiteko eta proiektua garatzen laguntzeko.
Lekarozko eskola
Lekarozko Eskola lehen mailako hezkuntza-zentroa izan zen, eta Espainia osoan ospe handia izan zuen. Baztan haranaren bihotzean kokatuta zegoen, eta kaputxinoek gidatu zuten 114 urtez. Ateak 2003ko martxoan itxi zituen behin betiko. Ordutik, mantentzeko ekimen desberdinak egon dira, baina guztiek huts egin dute, eta eraikinak eta gainerako instalazioak erabat hondatu dira. Beraz, Baztan haranean eta horren eragin-esparruan proiektu dinamizatzaile bat egiteko, Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 2an Lekarozko eskolako instalazioak erosi zituen, baita ikastetxe horri lotutako bestelako lursail sakabanatu batzuk ere.