9.432.700 euroko aurrekontua onartu du Udalak 2009rako. Joan den otsailaren 18an eztabaidatu zuen eta NaBairen aldeko zazpi botoekin atera zen aitzinera. UPN alderdiak kontra bozkatu zuen, ohiko gastuak «sobera goiti» doazela argudiatuz. Isabel Bidart UPNko zinegotziak Ttipi-Ttapari adierazi dionez, «joan den urteaz geroztik, ohiko gastuak murriztu behar direla erraten ari gara, baina ez da egin. Ez dugu erraten, behar ez diren gauzak egiten direnik, baina horiek mantentzea ere gastua da eta hori ere kontuan hartu behar da». Beraz, gastuak «kontrolatu» behar dira UPNren arabera.
Ezker Abertzaleko Julen Mitxeltorenak, bere aldetik, aurrekontuak «gaitzetsi» egin ditu, «izkutuan» onartu direlako. «Ezker abertzaleko hautetsiak garen heinean, alkate zein zinegotzi batzuei aurrekontuaren zirriborroa eskatu genien, gero gure ekarpenak egiteko». Baiezkoa jaso arren, «ez ziguten eman». Halaxe adierazi dio Ezker Abertzaleak Ttipi-Ttapari. «Presaka» eta pleno berezi batean onartu izana ere kritikatu du. Aurrekontu «baztertzaileak» dela iritzi dio Mitxeltorenak, «herrietako alkateen eta Baztango elkarteen ekarpenak kontuan hartu gabe onartutakoa» delako.
Aipatu, aurtengo aurrekontua aitzineko urteetakoa baino ttikiagoa dela. Garai ekonomikoa ona ez, eta 2008koarekin alderatuz, %66 murriztu da 2009ko aurrekontua.
Foru plaza zaharberrituko da
Aurrekontu horren zati haundi bat, 1,45 euro, Elizondoko Foru Plaza berritzeko erabiliko da. Udalaren aspaldiko nahia da plaza itxuraldatzea, eta NaBaiko Agustin Olabe zinegotziak «horretarako garaia» ailegatu dela adierazi zion Ttipi-Ttapari bere garaian. Hala, plaza konpontzeko ideien lehiaketa egitea da bere nahia.
Nafarroako Gobernuak plazako obretarako dirulaguntza emanen du, 1,45 milioi eurotik 448.500 euro.
Bertze gastu aipagarrienen artean hauek daude: oihaneko lanetara 280 milioi euro bideratuko dira; eta baserrietarako bide eta pistetara 190.000 euro. Erratzuko Untxide auzoko elektrizitatean, berriz, 175.000 euro joanen dira.
Hezkuntzaren alorrean, Iruritako eskola berriaren lur eremuan 95.000 euro gastatuko dira, eta herrietako eskoletan konponketak egiten 170.000 euro.
Azkenik, Jabier Ziga margolariaren lanak bilduko dituen egoitza egiteko asmoa ere badago eta horretarako 125.000 euroko partida onartu da.
Organo autonomoekin arazorik ez
Udal Aurrekontuak eztabaida eragin zuen NaBai eta UPNren artean, baina organo autonomoetara bideratuko den diru-sailean ez zen arazorik izan. NaBaik zein UPNk, biek Francisco Joakin Iriarte zahar-etxeko eta Baztan Ikastolako aurrekontuetan alde agertu ziren. Hala, zahar-etxeari 2.186.290 euro emanen zaizkio, eta ikastolari, 650.555,46 euro.