Baztanen Gaztediaren Etxea sortzeko asmoa azaldu du Jorge Oteiza Museoaren Lagunen Elkarteak

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 26a, 14:41
Ana Mari Marin eta Lander Santamaria, ortzegun goizeko aurkezpenean. TTIPI TTAPA

10 eta 18 urte arteko gaztetxoei biltzeko aukera eman nahi zaie

Elizondoko Jorge Oteiza Museo Etnografikoaren Lagunen Elkarteak Elizondo eta Baztan osorako Gaztediaren Etxea sortzeko kanpaina bati ekin dio. Otsailaren 26an eman dute ekimenaren berri Ana Mari Marin margolariak eta Lander Santamaria kazetariak eta 2010garren urte hasierarako martxan jarri nahi lukete. 100.000 euroko aurrekontua dauka egitasmoak eta Nafarroako Kutxaren Zuk aukeratu, Zuk erabaki programan sartua dute. Baztanen dagoen eskasia ikusirik, 10 eta 18 urte artekoei kultur jarduerak, gizarte formakuntza, hezkuntza eta aisialdirako eta harremanetarako lekua eskaini nahi dute.

Lehenbiziko urratsa

Marinek nahiz Santamariak onartu zuten lehenbiziko urrats ttikia bertzerik ez dela baina, hornidura hau behar beharrezkoa dela uste dute. Alde batetik, beraien kezka azaldu dute “gure gizartearen zati handi bat bere aisialdirako eta formakuntza osorako inolako hornidura berezirik gabe dagoelako”. Salbuespen bakan eta arras baliagarriak alde batera utzita, Baztan bailara osoan gaztediarentzat etengabeko lan sendoa egiten duen gizarte mugimendurik ez dute somatzen Gaztediaren Etxearen bultzatzaileek eta horrelako eremu bat bultzatzea nahitaezkoa dela iruditzen zaie.

Elkartea eta etxea

Jorge Oteiza Museo Etnografikoaren Lagunen Elkartearen ustez, “XXI. mendean bidezkoa da holako zerbitzu bat eskaintzea eskaintzea gaztetxoei. Horretarako elkarte bat sortzea eta batez ere, etxe bat nahitaezkoak dira, ahal bada ondoan lur eremu bat duena parke, baratze edo bertzelako lanetarako erabili ahal izateko.

XX. mendeko aurrekariak

Jorge Oteiza Museoaren Lagunek aipatu dutenez, XX. mendean baziren halako Gaztediaren Zentroak, hasiera batean Santiago parrokiaren inguruan eta gero, 1960 eta 1970. hamarkadetan Julien Mitxelena zenak mugitu zuen gaztedia. Gaurko egunean, 2007ko datuen arabera, 20 urtez beheitiko 1.386 gazte zeuden Baztanen, gaur egun 1.500 inguru izanen dira. Kirol arloan hainbat aukera baldin badituzte ere, aisialdirako eta entretenimendurako ez dutela bakar bat ere uste dute Gaztediaren Etxearen bultzatzaileek. Asteburuetan batez ere zereginik gabe gelditzen direla uste dute, ez baita zinemarik, ez josteta-aretorik, ez bere adinerako egokia den dibertsiorik. Horri soluzioa ematea da Museo Etnografikoaren Lagunen asmoa eta horretarako bilera deitua dute ortzegun arratsaldean ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun