9.432.700 euroko aurrekontua onartu du Udalak 2009rako. Joan den otsailaren 18an eztabaidatu zuen eta NaBairen aldeko zazpi botoekin atera zen aitzinera. UPN alderdiak kontra bozkatu zuen, ohiko gastuak «sobera goiti» doazela argudiatuz. Alderdi erregionalistak Ttipi-Ttapari adierazi dionez, «joan den urteaz geroztik, ohiko gastuak murriztu behar direla erraten ari gara, baina ez da egiten. Ez dugu erraten, behar ez diren gauzak egiten direnik, baina horiek mantentzea ere gastua da eta hori ere kontuan hartu behar da». Beraz, gastuak «kontrolatu» behar dira UPNren arabera. Aipatzekoa da, aurtengo aurrekontua aitzineko urteetakoa baino ttikiagoa dela. Garai ekonomikoa ona ez dela-eta, 2008koarekin konparatuz, %66 murriztu da 2009ko Udal Aurrekontua.
Foru plaza zaharberrituko da
Aurrekontu horren zati haundi bat, 1,45 euro, Elizondoko Foru Plaza berritzeko erabiliko da. Udalaren aspaldiko nahia da plaza itxuraldatzea, eta NaBaik «horretarako garaia» ailegatu dela adierazi zion Ttipi-Ttapari bere garaian. Hala, plaza konpontzeko ideien lehiaketa egitea da bere nahia. Nafarroako Gobernuak plazako obretarako dirulaguntza emanen du, 1,45 milioi eurotik 448.500 euro. Bertze gastu aipagarrienen artean hauek daude: oihaneko lanetara 280 milioi euro bideratuko dira; eta baserrietarako bide eta pistetara 190.000 euro. Erratzuko Untxide auzoko elektrizitatean, berriz, 175.000 euro joanen dira. Hezkuntzaren alorrean, Iruritako eskola berriaren lur eremuan 95.000 euro gastatuko dira, eta herrietako eskoletan konponketak egiten 170.000 euro. Azkenik, Jabier Ziga margolariaren lanak bilduko dituen egoitza egiteko asmoa ere badago eta horretarako 125.000 euroko partida onartu du Udalak.
Organo autonomoetarako diru partidan arazorik ez
Udal Aurrekontuak eztabaida eragin zuen NaBai eta UPNren artean, baina organo autonomoetara bideratuko den diru-sailean ez zen arazorik izan. NaBaik zein UPNk, biek Francisco Joakin Iriarte zahar-etxeko eta Baztan Ikastolako aurrekontuetan alde agertu ziren. Hala, zahar-etxeari 2.186.290 euro emanen zaizkio, eta ikastolari, 650.555,46 euro.
Espainiako Gobernuak onartu du eskaera
Espainiako Gobernuaren dirulaguntza deialdira Udalak aurkeztutako hiru proiektuak onartu egin ditu Gobernuak, eta beraz, 1.388.827 euro hartuko ditu Udalak, Baztan frontoian, Jaime Urrutia Karrikan eta Abastos plazan lanak egiteko.