• D ereduan ingelesa eta euskara eskainiko dituen formula ezarriko dute hurrengo ikasturtean Elizondoko San Francisco Javier ikastetxean.
• Euskara murrizteko Nafarroako Gobernuaren bertze pauso bat dela erran den arren, ikastetxeko arduradunek «euskara mantenduz, ingelesa indartzeko» eredua dela nabarmendu dute.
• Guztiaren inguruko xehetasunak eman dizkigute Itziar Bidegain ikasketa buruak, Isabel Ibarrola eskolako zuzendariak eta Ane Gaztelumendi idazkariak.
-2009-10eko ikasturtean TIL (hizkuntza integratuen tratamendua) sartuko da indarrean...
Guk D eredua deitzen diogu. Gaizki-ulertuak zabaldu dira euskara desagertuko dela pentsatuz, baina ez da horrela. Programa berezi bat sartuko da indarrean, D ereduaren barne ingelesa indartzeko eredua, alegia.
-Zergatik aukeratu dute Elizondoko eskola eredu hori eremu euskaldunean ezartzeko?
Perez Nievas kontseilaria Almandozko eskolara etorri zenean, Baztanen TIL eredua ezarri nahi zuela erran zuen. Biharamunean Hezkuntza Departamentutik deitu ziguten hori aipatuz, eta gure baldintzak zein ziren jakin nahi zituztela erranez. Hemen dena euskaraz egiten dela uste zuten, baina ez da horrela, A eta D eredua eskaintzen dira. Euskara mantentzea hasieratik ezarri genien baldintzetako bat izan da eta gure proposamena onartu egin dute.
-Nola joan da prozesua?
Urrian hasi ziren bilkurak. Klaustroan onartu genuen lehenbizi eta gero Eskola Kontseilura eraman zen. Baietza ez da borobila izan, baina batez ere kezka dagoelako. Gauza berria da eta normala da beldurra izatea. Hasiera hartan, guri ere kezka sortu zigun, baina garbi izan dugu hiru hizkuntza izan arren –euskara, gaztelania eta ingelesa–, bakoitzak zein toki izanen duen eta momentu honetan ilusioz gaude.
-Zein aldaketa izanen dira?
Heldu den ikasturtetik aitzinera ere, D ereduko hizkuntzarik garrantzitsuena euskara izanen da. Metodologia da aldatuko dena. Lehen Hezkuntzako hirugarren maila arte euskara saioek berdintsu segituko dute, eta hortik goiti orain baino hiru saio guttiago emanen dira euskaraz. Gaztelaniatik hartuko dira ingelesa indartzeko ordu gehienak. Ingelesa hizkuntza bezala erakusteaz gain, bertze irakasgaiak ere ingelesez eta euskaraz ikasiko dituzte ikasleek. Kontzepturik garrantzitsuenak euskaraz emanen ditugu eta kontzeptu bera ingelesez ere barneratu ahal izanen dute. Hiru hizkuntzekin lan egitea da helburua eta hori irakasleontzat erronka bat da. Gure haurrek hemen lortzen duten euskara maila ona da, eta sistema berri honekin ingelesa indartuko dute. Gaztelaniari orduak kenduko dizkiogu baina kalean nahiko entzuten dela uste dugu.
Zehaztu aldaketak…
3 urteko haurretan dena euskaraz egiten segituko dute orain arte bezala. 4-5 urtekoen artean, ingelesa sartuko da, astean bortz aldiz. D ereduan dena euskaraz izanen da, bortz saio izan ezik, horiek ingelesez izanen baitira. Orain bi saio ematen ditugu ingelesez, baina legeak astean lau eman behar direla dio.
Lehen Hezkuntzan, lehen eta bigarren mailan, gaur egun, bortz saio egiten dira ingelesez, hiru gaztelaniaz eta 20 euskaraz. Eredu berri honekin, ordea, zazpi saio eskainiko dira ingelesez eta bat gaztelaniaz. Euskarazko eskaintza mantendu eginen da.
Hirugarren mailatik seigarrenera bitartean, momentuz bortz saio izaten dira ingelesez, eta lau gaztelaniaz. Hurrengo ikasturterako proposatzen dena, berriz, ingelesez zortzi saio egitea da eta lau gaztelaniaz. Beraz, hiru saio gehiago izanen dituzte ingelesez, eta hiru horiek euskaratik hartuko dira. Dena den, guk uste dugu ordure arte lortzen duten euskara maila nahiko ona dela.
D eredua kentzeko Gobernuaren bertze urrats bat dela erran izan da…
Hasieran guk ere horrela pentsatu genuen. Iruñean egiten ari direnaren berdina egin nahi zutela uste genuen, euskaratik orduak kendu eta euskara gehi ingelesa formula eskaini. Baina guk eskola honetan ezin dugu hori egin eta gainera, euskara mantendu nahi dugu. Guk jarri ditugu baldintzak, eta Gobernuak ongi hartu ditu.
Behin betiko erabakia izanen da?
Bai, behin betiko ezarriko da sistema hau. D ereduan matrikulatzen dena metodologia berri honekin hasiko da.


