Antolatzaileen aurreikuspenak hautsi eta Amaiurko herriak gainezka egin zuen otsailaren 1ean, Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren harira.
Amaiur 1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak duela 500 urte Amaiurren Nafarroaren independentzia defendatu zutenak gogoratu zituen otsailaren 1ean Baztango herrian egin zen ekitaldian. Mugimendu honek antolatu duen lehen ekitaldia izan zen, baina ez azkena. Izan ere, «suaz eta odolez» egindako konkistaren bortzgarren mendeurrena bitarte bertze hainbat eginen dira.
Patxi Urrutia gogoan
Mila lagun inguru hurbildu ziren eta Gazteluko kaxkoan egindako ekitaldian, duela bortz mendeko gudariak ez ezik, gaur egun lan politikoagatik kartzelan dagoen Patxi Urrutia amaiurtarra ere gogoratu zuten. Miguel Joxe Ariztia Amaiurko alkate ohia mintzatu zen han, Julian Rekalde oraingo alkatearen ondoan. Plataformako Mikel Lizasok ere hitz egin zuen. Agur Jauna kantatu eta aurreskua dantzatuta herrira jautsi ziren.
Eguerdian, plazan bertze zenbait ekitaldi egin ziren. Virginia Aleman alkateak aipatu zuenez, Amaiurren gertatu zenaren errealitatea ezagutzera eman behar da, «bortz mendeotan nafar belaunaldi ezberdinei kontatu zaienaren ezberdina». Villatuerta, Lekunberri (Nafarroa Beherea) eta Gernikako alkateek eta Gaizka Aranguren plataformako kideak ere hitz egin zuten. Patxi Larralde eta Mikel Ortega txistulariak, Petti kantaria eta Bittor Elizagoien eta Manolo Arozena bertsolariak ere aritu ziren.
Nafarroako Gobernua bosgarren mendeurren honetarako prestatzen ari den jaialdiei dagokienez, «konkista militarra izan zena ospatu eta Nafarroaren espainoltasunaz harrotu nahi» izana salatu zuen Arangurenek. «Bere konkista ospatzen duen historiako lehen herria Nafarroa» izanen dela erran zuen Nafarroa Bizirik taldeko kideak.
Ekimen horren sustatzaileen artean, Ariztia Amaiurko alkate ohia, Floren Aoiz, Gaizka Aranguren, Eugenio Arraiza eta Pello Esarte daude. 2012ko urteurrenari begira, hainbat ekitaldi egiteko asmoa dago.
Pintadak
Ekitaldiaren egunean, bildutakoak haserrarazi zituen pintadak ere agertu ziren monumentuan idatziak: «Naparra España da», «Gora España», «Viva Cristo Rey» eta «Gabatxos maquetos» bezalako adierazpenekin ernatu zen otsailaren 1eko goiza.