Iruritako Pikotan harrobia irekitzeko eskaera egin dute Balleko Etxean

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 13a

Iruritan eta Gartzainen proiektuaren kontrako sinadura bilketa abiatu dute

Pikota parajea Iruritan dago. Eugi aldera hartuz eta kilometro batera, ezkerrekoaldean Artxekobordara gateko hartzen den bidetik eskuinaldeko aldera. Gartzain eta Iruritarekin muga egiten duen haran bat da. Askapen Sobrino Eraikuntzak duen harrobiari materiala akitu zaionez, (Iruñe aldetik ekartzen ari da materiala) orain dela lau bat urte Udalari Pikota parajean harrobi berria egiteko eskaera egin zion.Urteotan Udalari galdetuta, deus ez zegoela adierazi izan du, eta une batean jaso zuten proposamena, mahai gainean gelditu zen, promotoreak aitzinerat ez zuelakoz egin.
Eguberrietan, Iruritako alkateak Udalaren abisua jaso zuen, Sobrino Eraikuntzak Ingurumen Inpaktuaren txostena eskatu zuela erranez. Aurtengo ilbeltzaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean jarduera baimenaren eskaera plazaratu zen, eta kaltetuek 15 egun eduki zituzten alegazioak aurkezteko.

Kontra Iruritan eta Gartzainen

Pikotako Batzordeak honen berri izan orduko, bai Gartzainen eta bai Iruritan ere batzarre bana antolatu zen, duten informazio guztia herritarrei zabaltzeko asmoz.
Iruritako batzarrean 200 lagun inguru bildu ziren, aho batez bi erabaki hartu zuten: sinadura bilketa egitea, desadostasunean dauden herritarren protesta moduan eta herriak abokatu bat hartzea, lege aldetik aholkua emateko. Gartzainen ere modu berean egin zen batzarrea, eta sinadura bilketa, alegazioekin batera, Balleko Etxean eta Nafarroako Gobernuan aurkeztuko dute.
Sobrino enpresaren eskaeran bi proiektu sartu ditu. Batetik, harrobia irekitzeko baimena eta bertzetik, Askapen hondakin solidoen birziklatze planta paratzea.
Proiektuan argudiatu dituen gauzen artean, eta adibide bezala dio, inguruan dauden hamabi baserri asteburuetan edo bakantzetan bertzerik ez direla erabiltzen.Baina baserri gehienak lehen etxebizitzak dira: Artxekoborda, Barransoro, Bartolo, Goronsoro, Indakoetxea, Oiatenea, Gontxea, Baigorriko eskola, Lezeta…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun