Hiru hilabete mantsoago, baina zoritxarrez, Osasunbideak beteko du erran zuena: Oronoz-Mugairiko Etengabeko Arreta Puntuak martxoaren 1ean ateak itxiko ditu.
Nafarroako udalerririk zabalena eta haundiena, 375 kilometro koadro, biztanlegoa arras hedatua, baina larrialdietarako zentro bakarra izanen du Baztanek, Elizondon. Orain dela hiru hilabete, gibelera bota zuen ideia Osasunbideak, baina nonbait mahai bateko lehen kajoian gelditu zen, edozein momentutan ateratzeko.
Arazo honekin batera, Baztango Osasunbideak eskaintzen dituen zerbitzuak gero eta makurrago daude: mediku falta, zenbait herrietarat Eguberriez geroztik ez da medikurik gan, erizaina baizik; haur baztandarrak pediatrarik gabe daude, orain dela bi urte pasako pediatraren baja ez dutelakoz bete…
Alkateen eskaera
Egoerarekin kezkatuta, herrietako alkateek prentsaurrekoa eskaini zuten otsailaren 11n Oronoz-Mugairiko kontsulta atarian. Osasun Sailari Oronozko Etengabeko Arreta Puntua kentzeko erabakia bertan behera uzteko eskatu zioten.
Bittor Elizagoien Oronozko alkatea eta Pello Obregozo Iruritakoa Baztango 14 zinpeko alkateen izenean mintzatu ziren (Elbeten alkaterik gabe daude): «Gure ustez, osasuna arras gai garrantzitsua da eta ez dira baliabideak eskastu behar». Neurri hau aitzinera ateraz gero, mediku batek eta erizain batek Baztan osoko gaueko larrialdi guztien ardura hartu beharko luketeela gogorarazi zuten.
Herrietako kontsultak pixkanaka ixten ari direla eta Elizondoko zentroko zenbait aparatu kentzen ari direla ere salatu zuten alkateek: «baztandarrak ez gara bigarren mailako nafarrak, eta oinarrizko zerbitzuak behar eta nahi ditugu. Ditugun zerbitzuak hobetzeko borrokatuko dugu, baina ez dugu ongi ikusten ditugunak murriztea».
Oronozko zentroa leku estrategikoan dagoela ere nabarmendu zuten, Baztan, Bortziriak eta Malerrekaren erdigunean eta N-121en bazterrean dagoelako.


