Baztango herrietako alkateek ez dute Oronozko Arreta Zentroa kentzerik nahi

Aitor AROTZENA 2009ko otsailaren 11

Baztango herrietako alkateek Batzar Nagusiaren ez ohiko eta premiazko bilera deitu dute. TTIPI TTAPA

Agerraldia egin dute asteazken goizean zentruaren atarian

Baztango herrietako alkateek beraien arrenkura azaldu dute asteazken goizean, Osasunbideak Baztanen dauden bi Etengabeko Arreta Puntuetako bat, Oronozkoa hain zuzen, kendu nahi duelako. Asmo bera agertu zuten prentsan orain dela zenbait hilabete, baina garai hartan Osasunbideak ziurtatu zuen zerbitzuak mantenduko zirela. Oraingoan, berriz, erabakia martxoaren 1ean martxan paratuko da.

"Osasunean ez dira baliabideak eskastu behar"

Horren aitzinean, Bittor Elizagoien Oronozko alkateak hartu zuen hitza euskaraz eta Iruritako Pello Obregozok gazteleraz, Baztango 14 zinpeko alkateen izenean (Elbeten alkaterik gabe baitaude oraindik) eta neurri horrek sortzen dien kezka agertu zuen: “ Gure ustez, osasuna arras gai garrantzitsua da eta bertan ez dira baliabideak eskastu behar”. Nafarroak beti izan du ospe haundia osasungintzan eta aitzindaria izan da hainbat arlotan. Hortan, Baztango herrietako alkateek ez dute ulertzen “atzerapausoa suposatzen duen erabaki hau hartzea. Neurri hau aitzina ateratzen bada, mediku bakar batek eta erizain batek Baztan Balleko atseko larrialdi guztien ardura hartu beharko dute”.

"Baztandarrak ez gara bigarren mailako nafarrak"

Kontuan hartu behar da Baztan Nafarroako udalerri handiena dela eta bere mugen artean 375 kilometro koadro biltzen dituela. Horretaz gainera, populazioa arras sakabanatua dago 15 herri eta hainbat eta hainbat baserriren artean. Aunitzetan mediku eta erizainek distantzia haundiak egin behar izaten dituzte eta gainera, sarritan, bideak ez daude asfaltaturik eta kilometro anitz egin behar izaten dituzte bide zakarretan. Herrietako kontsultak pixkanaka ixten ari dira eta Elizondoko zentroko zenbait aparatu ere kentzen ari direla kontuan hartuz, herrietako alkateek azpimarratu nahi izan dute “baztandarrak ez garela bigarren mailako nafarrak, eta oinarrizko zerbitzuak behar eta nahi ditugu. Ditugun zerbitzuak hobetzeko borrokatuko dugu, baina ez dugu ongi ikusten ditugunak murriztea”.

Baztango Batzar Nagusia premiaz biltzeko deia

Oronozko osasun zentroa leku estrategikoan dagoela gogorarazten dute alkateek, Baztan, Bortziriak eta Malerrekaren erdigunean eta N-121 errepidearen bazterrean. Errepide honetan hainbat istripu gertatzen direnez, baztandarrei ez ezik zentro honetako larrialdi zerbitzuak trafiko istripuetan zaurituei ere atenditzen ahal diela uste dute. Beraz, zentroa mantentzeaz gain, dituen errekurtsoak hobetu behar direla uste dute. Baztango Batzar Nagusiko ez ohiko eta premiazko bilkura deitu dute herrietako alkateek gai honetaz solasteko eta hartu beharreko neurriak eta eman beharreko pausoak erabakitzeko.

Erabakia bertan behera uzteko eskaria

Beraz, Baztan Balleko hamalau herrietako alkateek publikoki eskatu diote Nafarroako Gobernuko Osasunbideko kontseilariari Oronozeko Etengabeko Arreta Puntua kentzearen erabakia bertan behera utz dezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun