Orakunderekin batera inauteriak ere hemen daude

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 3a, 15:51
Argazkia: Arantxa GAMIO TTIPI TTAPA

Zenbait herritan inauteriak hasiz gero, haurren tenorea ere hurbiltzen da. Baztango 15 herrietan Egun ttun-ttun, Oilar Dantza edo Orakunde Eguna hementxe dago. Orain 15 bat urte, txistulari eskasia zela-eta, herri batzuek ortzegunarekin ospatzen zena egunez aitzineratu edo gibeleratu egin zuten. Hala, Zigan aurten otsailaren 13an ospatuko dute, herriko inauteriekin batera; asteartean Amaiurren; asteazkenean Erratzun; ortzegunean herri gehienetan –Arizkun, Elbete, Elizondo, Gartzain, Lekaroz, Irurita, Arraioz, Oronoz-Mugairi eta Almandoz–; ortzilerian, otsailak 20, Azpilkuetan, eta biharamunean Anizen. Herri guztietan egitaraua berdintsua da, goizeko lehenengo ekitaldia meza. Ondotik, herrian barna eskean eta kalejiran ibiltzen dira, eguerdian bazkaria izaten da, arratsaldean jokoak, oilar harrapatzeak, eta txokolatada. Horrela pasatzen diete lekukoa gazteei hauek inauteriak ospatzeko. Aurtengo berrikuntza Elizondoko inauteriak dira, batzarre batean hala erabakita eta proba gisa, asteburuan eginen baitira. Arizkun eta Erratzun, beti bezala, astelehen eta asteartean ospatuko dituzte euren inauteriak. Argazkia Zigan etxez etxeko eskean ateratakoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun