Duela bi aste, iragarria zen eguraldi txarrak gure eskualdean ere seinaleak utzi zituen: zuhaitz aunitz eroriak, karreterak eta bideak moztuak, Lekarozeko institutuan txapazko teilatu zati bat eramana, Erratzun behitegi bateko ate haundi bat, Almandozko eskola berriko zenbait teila… Zenbait herritan zortzi orduz edo gehiagoz argirik gabe gelditu ziren, eta Zigaurren, adibidez, telefonorik gabe gelditu ziren. Gaztelak Nafarroa konkistatu zueneko 500. urteurrena beteko da 2012an eta horren harira sortu berri den proiektuak aitzinera segitzen du. Bertzeak bertze, Euskal Herriko udal zein kontzejuak ekimenarekin bat egin dezaten atxikimendu bilketa bat abiatua da. Joan den igandean, bertzalde, Amaiurko gazteluan Nafarroaren independentziaren alde aritu zirenak gogoan, ospakizun eguna izan zuten Amaiurren.