«Elizondo herri bat dela ikustea nahi dugu, eta egitekoak denonak direla»

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 4a, 11:35
Xabi TORRES Elizondoko alkatea TTIPI TTAPA

• Ilbeltzaren 6an hartu zuen Xabier Torresek Elizondoko alkate kargua, eta berehala ekin zion lanari. Oraingoz gustura dago postu horretan.
• Elizondoko herria egituratu, parte-hartzea zabaldu eta auzolana indartzea dira alkate berriaren eta sei kargodunen helburu nagusiak.
• Herritar guztien ideiak ja­so­tze­ko Herriko Etxeko tele­fo­nora (948 581450) deitzeko deia egin du. Herritarren hitzetatik abiatuta, Elizondoren beharrak eurek bideratu nahi dizkiote Udalari.

Nola igaro duzu lehen hilabetea alkate bezala?

Ongi. Lanean hasiak gara. Lehendabiziko lana aktak errepasatzea izan zen, herrian zein eztabaida izaten diren ikusi... Herriko Etxean ordu aunitz sartzen ari gara eta lan aberasgarria da. Herriko aferetan parte hartu izan duten zenbait beteranorekin bildu gara eta herritar aunitzek ere laguntza eskaini digute. Eskertzekoa da, beharko dugu.

Hauteskunde egunean parte-hartzea %25aren inguruan ibili zen. Ez da hagitz altua..

Udal hauteskundeekin konparatuz, ez, baina Batzarretan 30 bat lagun izaten direla kontuan hartuz, kontent egoteko parte-hartzea izan zen. Aunitzek ez zekiten ezta alkatea aukeratu behar zenik ere, eta hor ikusten da jendeak zenbaterainoko garrantzia ematen dion horri. Horren harira, gure asmoetako bat, historikoki Elizondon egon den Batzarrea jendearengana hurbiltzea da. Aurpegi berriak sartu gara eta ilusioz eta indarrez beteak gaude.

Sei kargodun eta denak mutilak...

Hasieratik elkartu ginenak mutilak izan ginen, baina hasieratik nahi izan dugu neskak hurbiltzea. Hemendik aitzinera ere ahalegin bat eginen dugu emakumezkoak anima daitezen. Laguntzaile bezala badakigu hor edukiko ditugula.

Sartu orduko aldaketa bat: inauteriak asteburuan izanen dira...

Aitzineko alkatearekin planteatutako afera da, baina ez da bat-bateko kontua. Asteartearekin egin ohi dena galduz zihoa­la ikusita, gazte talde zabal batek aspaldi paratu zuen mahaigainean gaia, eta ortziral eta larunbatera pasatzea erabaki da. Dena den, astearteko besta indartzeko ilusioa badago. Arazoa Elizondokoa da eta beraz, astearteak tokiko besta izaten segituko du Baztanen.

Erran dutenagatik, ekonomikoki ez dabil gaizki Elizondo. Lasaitasuna ematen al dizu horrek?
Ez, lehenago defizitarekin egona baita. Kontuetan ageri denez, 8.000 euroko superabita dago, baina erne egon beharra dago. Guti daramagu alka­tetzan, eta dena neurtu behar dugu.

Zein iritzi duzu Udalak Elizondon egin dituen eta egin nahi dituen obren inguruan?
Elizondon obra bat dagoenean, elizondar bezala, Udala herriarekin harremanetan jar­tzea gustatuko litzaidake, gure iduria galdetzea Proposamenak Udala­ri herri­ta­rrok aurkeztea litzateke onena.

Zein izanen da zure eginbeharra?
Herriko bestak, Orakunde, inauteriak, Olentzero, Erregeen Kabalgata, feriak, hilerriaren kudeaketa... Horiek guztiak antolatzea. Eta ohiko lan horietaz gain, Elizondoren alde zerbait gehiago egiten saiatuko gara. Elizondoko gizartea saka­banatuz joan da, indibi­dua­lismo batean sartu gara, eta konpro­mi­­so kolektiboak atzendu egin dira. Gure erronka hori puskatzea da, herri bat garela ikustea nahi dugu, eta eginbeha­rrak denonak direla. Herria egituratu behar da eta hori izanen da betebehar nagusiena. Material­ki ere badira hutsuneak, eta horiei ere erantzunen diegu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun