Amaiurko gudaren bosgarren mendeurreneko lehen ekitaldia egin zen igandean

Utzitako argazkiak 2009ko otsailaren 2a

Dantzari batek aurreskua dantzatu zuen Amaiurko oroitarrian. TTIPI TTAPA

Milaka lagunek bat egin zuten Amaiur 1512-2012 Nafarroa Bizirik erakundeak antolatutako ekitaldiarekin

Amaiur 1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak, duela 500 urte Amaiurren Nafarroaren independentzia defendatu zutenak gogoratu zituen igandean, otsailaren 1ean Baztango herri horretan egin zen ekitaldian. Mugimendu honek antolati duen lehen ekitaldia izan da, baina ez azkena. Izan ere, “suaz eta odolez” egindako konkistaren bosgarren mendeurrena bitarte bertze hainbat eginen dira.

Patxi Urrutiaren oroitzapena

Amaiurrera mila lagun inguru hurbildu ziren eta Gazteluko kaxkoan egindako ekitaldian, duela bost mendeko gudariak ez ezik, gaur egun bere lan politikoarengatik kartzelean dagoen Patxi Urrutia amaiurtarra gogoratu zuten. Eguerdian, Amaiurko plazan bertze zenbait ekitaldi eta solasaldi egin ziren. Virginia Aleman, Baztango alkateak aipatu zuenez, Amaiurren gertatu zenaren errealitatea ezagutzera eman behar da, “azken bortz mendeetan nafar belaunaldi ezberdinei kontatu zaienaren ezberdina”. Paxkal Ourthiague Baxenafarroako Lekunberriko alkatea, Gaizka Aranguren Nabarraldeko idazkaria eta Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak ere hitza hartu zuten plazan. Patxi Larralde eta Mikel Ortega txistulariak, Petti kantaria eta Bittor Elizagoien eta Manolo Arozena bertsolariak ere aritu ziren.

«Nafarroako Gobernuak konkista militarra ospatu nahi du»

Nafarroako Gobernuak bosgarren mendeurren honetako prestatzen ari diren jaialdiei dagokienez, Gaizka Arangurenek salatu egin zuen “konkista militarra izan zena ospatu eta Nafarroaren espainoltasunaz harrotu” nahi izana. “Bere konkista ospatzen duen historiako lehen herria Nafarroa” izanen dela zioen Nafarroa Bizirik taldeko kideak.

Pintada ultraeskuindarrak

Amaiurko monolitoa pintadaz estalia agertu zen igande goizean. «Naparra España da», «Gora España», «Viva Cristo Rey» eta «Gabatxos maketos» zioten pintada hauek eta baselizan eta inguruko bertze zenbait lekutan ere gehiago agertu ziren. Modu berean, Amaiurrera ailegatzeko Guardia Zibilaren kontrola gainditu behar izan zuten hainbatek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun