Elizondoko Jaime Urrutia karrikako trafikoa arautzeko neurriak jakinarazi ditu Baztango Udalak

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 30a, 13:21

Astegunez 8:00etatik 20:00etara zabalik egonen da

Joan den urteko abenduaz geroztik, Elizondoko Jaime Urrutia karrika erdi-peatonala da udaletxe paretik Ziga Plazara bitartean, eta hori dela eta, Udalak zenbait neurri hartu behar izan ditu ibilgailuen joan-etorria arautzeko. Horren arabera, karrika astelehenetik ortziralera, trafikoari irekia egonen da 8:00etatik 20:00etara, lan egunetan. Larunbat eta jai egunetan, ordea, karrika oinezkoentzako bakarrik izanen da, ibilgailuentzat, beraz, itxita egonen da. Karrika zabaldu edo ixteaz udaltzainak arduratuko dira, baina arrazoi jakinengatik karga eta deskarga dela-eta, baimena duten zenbait merkatarik ere zabaldu ahal izanen dute.

Larrialdi kasuak

Larrialdi kasuetan udaltzainak, foruzainak, guardia zibilak, Osasun Zerbitzuetako langileak eta suhiltzaileak izanen dira karrikara pasatzeko aukera izanen duten bakarrak. Karrika itxita dagoen ordutegian, auzotarrek edo merkatariek karrika zabalik egoteko beharra baldin badute, guttienez astebete lehenago eskatu beharko dute baimena udaletxean. Bertzalde, ibilgailuen geldialdiak ere arautu ditu Udalak. Baimendutako tokietan geldialdiek gehienez ere 15 minutukoak izan beharko dute eta udaltzainak arduratuko hori kontrolatzeaz.

Denen mesederako ohitura aldaketa

Baztango udalak karrikaratutako bandoan ageri direnez, neurri hauek jendearen ohituren aldaketa ekarriko dutela badakite, baina denen mesederako izanen direlakoan hartu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun