Nafarroaren independentzia defendatu zutenak omenduko dira otsailaren 1ean Amaiurren

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 23a, 12:47

Amaiur 1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak datozen lau urteetan antolatuko dituen ekitaldien artean lehena izanen da

Amaiur 1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak, duela 500 urte Amaiurren Nafarroaren independentzia defendatu zutenak gogoratuko ditu otsailaren 1ean Baztango herri horretan eginen den ekitaldian. Mugimendu honek antolatzen duen lehen ekitaldia izanen da otsailaren 1ekoa, baina ez azkena. Izan ere, “suaz eta odolez” egindako konkistaren bosgarren mendeurrena bitarte bertze hainbat eginen dira. Halaxe jakinarazi zuten urtarrilaren 19an Iruñean egindako prentsaurrean Gaizka Aranguren, Nafarroa Bizirik taldeko bozeramaleak, berriki arte Amaiurko alkate izandako Miguel Jose Ariztiak, Xabier Zabalo Leitzako alkateak, Virginia Aleman Baztango alkateak eta Martin Garde zinegotziak.

«Bere konkista ospatzen duen Munduko lehen herria Nafarroa izanen da»

Nafarroako Gobernuak bosgarren mendeurren honetako prestatzen ari diren jaialdiei dagokienez, Gaizka Arangurenek salatu egin zuen “konkista militarra izan zena ospatu eta Nafarroaren espainoltasunaz harrotu” nahi izana. “Bere konkista ospatzen duen historiako lehen herria Nafarroa” izanen dela zioen Nafarroa Bizirik taldeko kideak. Ekitaldi ofizial horiei aurre egiteko, “Nafarroaren askatasunaren alde Tuteran, Lizarran, Burgin, Donibane Garazin, Garris, Amaiur eta bertze hainbat lekutan bizia eman zutenak” omendu nahi ditu Nafarroa Bizirik taldeak. Lau urte hauetan antolatuko dituen ekitaldiez gain, Nafarroa Bizirik taldeak idatzia igorriko du Euskal Herriko udal eta kontzeju guzietara, batzarretan onar dezaten.

Egitaraua finkatu gabe

Otsailaren 1eko ekitaldiari dagokionez, egitaraua guziz finkatu gabe dago oraindik. Hori bai, goizeko 11etan hasiko da, Amaiurko oroitarrian orduko guda hartan hildakoei eginen zaien omenaldiarekin. Segidan, musika taldeek eta kultur eragileek parte hartuko dute baina, arestian bezala, datozen egunetan zehaztuko dira partehartzaileak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun