Irurita-Elbete saihesbideko lanen atzerapenaz galdetu du Nafarroa Baik

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 20a, 16:59

N-121-B errepidean, Irurita-Elizondo-Elbete saihesbidearen lanen egoerari buruzko galdera egin dio Nafarroa Bai taldeak Nafarroako Gobernuari, Izan ere, lanak hagitz gibeleratuak daude eta ez garai bateko Herrilan kontseilariak ez gaur egungoak emandako epeak ez dira inondik inora beteko.

Premiazko lana

Lan hau premiazkoa iruditzen zaio Nafarroa Bairi, ez bakarrik arestian aipatutako herriek dituzten trafiko arazoengatik, baita “Zugarramurdi eta Urdazubira eta batez ere diru sarbide garrantzitsua den Datxarineako komertzio gunera” hurbiltzea suposatuko duelako.

Behin eta berriz gibeleratuak

Irurita-Elizondo-Elbete saihesbideko lanak 2002-2009 Nafarroako Errepideen bigarren Plan Zuzendarian sartua zegoen eta 2006an akitzea aurrikusia zegoen. 2006ko azaroan, aitzineko legealdiko kontseilariak saihesbide honetako informazio txostena aurkeztu zuen eta lanen adjudikazioa 2007ko azken hiruhilekoan egin zitekeela eta lanak 2009ko udarako akituko zirela iragarri zuen.

2009ko Aurrekontu Orokorretan ez da aipatzen ere

Nafarroa Bai taldeko Jose Angel Agirrebengoak aipatu duenez, geroztik 2007 eta 2008ko plan eta aurrekontu ezberdinetan sartu dira lan hauek, baina “azkenean, berriki onartu diren 2009ko Nafarroako Aurrekontu orokorretan ez da lan horretarako diru-sailik aurkezten eta ez da lana inon aipatzen ere”. Gainera, lanak hasteko milioi bat euroko emendakina gibelera bota zuen Parlamentuak.

Galderak Nafarroako Gobernuari

Egoera honetan, 2009an saihesbide hau egiteko diru-sailen bat ote dagoen galdetu du Nafarroa Baik. Proiektu hau zein fasetan dagoen eta lanen adjudikazioa lehiaketara ateratzeko zein tramite egitea falta den ere galdetu dute. Azkenik, lan honetan behin eta berriz gertatzen ari diren atzerapenen arrazoia eta zehazki, 2009an zergatik ez den ajdudikatu behar galdetu dio Nafarroa Bai taldeak Nafarroako Gobernuari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun