Iruritako eskola berrirako lurra lortu du Udalak

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 16a

Hondarreko urte hauetan gure herriak kontent daude, haunditzen ari baitira. Ez agian, kanpotik etortzen den jendearengatik, baizik eta jaiotze tasak nabarmen gora egin duelakoz. Baina horrela, gure eskolak ttiki gelditzen ari dira eta horixe gertatu da Iruritan. Bigarren ikasturtez, gela bat eskolatik kanpo kokatu behar izan da. 2007/08 ikasturtean Perez-Nievas Hezkuntza kontseilaria gure eskoletan izan zenean, Iruritak premia haundia zuela erran eta lehentasuna eman zitzaion. Eskolako zuzendaritza, Eskola Kontseilua eta Guraso Elkartea Udalarekin paratu ziren harremanetan, eta bukaera zoriontsua izan dute hartu-emanek. Udalak eskola eraikitzeko lur eremua eskuratu du: 1.582 metro koadro erosi ditu frontoia eta kontsultategiaren ondoan. Leku eguzkitsua eta trafiko arriskurik gabekoa da. Hasieran, lurra lortzea arazo haundia zela zirudien, herri lurrak gutti direlakoz, baina eskuratu da, eta alde guztiei, batez ere Udalari eta eremuaren jabeari, esker mile. Halere, oraindik zenbait tramite burokratiko egin beharko dira Gobernuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun