«Udalak eramaten duen bazterketa edo apartheid politika salatu nahi dugu». Halaxe adierazi zuen Baztango Ezker Abertzaleak Eguberrietako itxialdiaren ondotik egindako agerraldian. Hauteskundeak egin eta urte eta erdira, 676 baztandarrek egindako aukera politikoari «muzin» egin izana kritikatu zuten. NaBaiko Miguel Angel Garaioa eta UPNko Miguel Angel Aldea «diktadurak inposatutako» zinegotziak direla nabarmendu zuten, eta «ez direla herritarrek hautatuak». Ezker Abertzaleak aurkeztutako mozioak erantzunik gabe gelditu direla ere leporatu zioten NaBai eta UPNri eta horien artean batzuk aipatu zituzten: Patxi Urrutia eta Juan Jose Petrikorena atxilotu zituztenean aurkeztutakoak, Ernesto Prat atxilotzerat etorri zirenean aurkeztutakoa, Foruzaingoen komisaldegia inauguratu zuten egunean zenbait gaztek jasandako isunetaz eskatutako babesari buruzkoa, «gauez eta bakarrik etxera bueltan gaki zela Arizkungo gazte bati Foruzaingoak emandako jipoiaren» harira aurkeztutakoa, «indar polizialen errepresionea jasandako hainbat baztandarren senitartekoek udal ordezkariekin bilkura bat egiteko eskariarekin osatutako mozioa»... Bertzalde, ordenantzen batzordean parte hartzeko ez gonbidatu izana ere salatu zuten, nahiz eta urrian, NaBaik «hiru alderdi politikoetako (NaBai, EAE-ANV eta UPN) ordezkariak mahai-inguruan jarriko zirela adierazi». Azaroan egindako lehen bilkuretarako ez omen zien inork deitu eta UPNk legez kanpoko alderdiekin Batzorde horretan lanik ez zuela eginen erran izana ere kritikatu zuten. Hau guztia Eguberrietan egindako 17 orduko itxialdiaren ondotik adierazi zuen Ezker Abertzaleak. 30 bat lagun elkartu ziren udaletxean.