Amaiurko mutilek Euskal Herriko lauko txapelketa irabazi zuten

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 9a, 12:04

Emakumeek berriz, brontzezko domina golkoratu zuten

Igeldon bukatu zen Lauko Euskadiko Sokatira Txapelketa abenduaren 20an. Gizonezkoei dagokionez, sei talde aritu ziren finalean: Astigarragako Auzolan A, Amaiur A eta B, Berriozar A eta B eta Baiona. Amaiur B eta Berriozar A taldeek mendean hartu zituzten saioan aritu ziren kontrario guztiak, eta azken txandan erabaki zen txapela; hau da, 14 txanda eta 28 tiraldi jokatu ondoren. Auzolan zuten kontrariorik gogorrena, Sailkapeneko bi jardunaldietan gipuzkoarrak gailendu zirelako, tiraldi guztiak irabazita. Baina, lehenik Amaiur B-k eta segidan Berriozar A-k mendean hartu zuten talde gipuzkoarra.. Urrezko dominarako lehian, azken txanda erabakigarrian, lehen tiraldia Amaiurrek eraman zuen, 2 minutu eta 48 segunduan. Bigarrengoa ere lehiatua izan zen eta berriro baztandarrek bereganatu zuten tiraldia. Hirugarren posturako leĆ­an puntutan berdinduak gelditu ziren Berriozar B eta Amaiur A, seina punturekin eta kitarakoa jokatu behar izan zuten; Berriozar B gailendu zen.

Gizonezkoen 300 kiloko sailkapena

1. Amaiur B (Nafarroa): 6 puntu (15 tanto)
2. Berriozar A (Nafarroa): 5 puntu (12 tanto)
3. Berriozar B (Nafarroa): 4 puntu (6 tanto)
4. Amaiur A (Nafarroa): 3 puntu (6 tanto)
5. Auzolan (Gipuzkoa): 2 puntu (4 tanto)
6. Baiona (Lapurdi): puntu 1 (tanto 1)

Emakumezkoetan Amaiur hirugarren

Emakumezkoen 250 kilokoan zazpi talde aritu ziren lehian, eta lehen jardunaldian bezala, bigarrenean ere, hasiera-hasieratik hartu zuen sailkapeneko burua Gasteizko Badaiotz taldeak. Sei kontrarioak mendean hartu zituen, erraztasun handiz. Bigarren postuan Oiartzungo Giriziak akautu zuen, Badaiotz izan ezik, gainerako bost aurkariak gaindituta. Amaiurrek osatu zuen podiuma, eta biziki kontent akitu zuten brontzezko domina kolkoratuta. Azkeneko sailkapenean Lesakako Beti Gazte A eta B taldeek bosgarren eta sigarren postua eskuratu zuten.

Emakumezkoen sailkapena

Emakumezkoen 250 kiloko azken sailkapena, bi jardunaldi jokatuta:

1. Badaiotz (Gasteiz, Araba): 14 puntu
2. Girizia (Oiartzun, Gipuzkoa): 12 puntu
3. Amaiur (Nafarroa): 9 puntu
4. Sakana (Nafarroa): 7 puntu
5. Beti Gazte A (Lesaka, Nafarroa): 6,5 puntu
6. Beti Gazte B (Lesaka, Nafarroa): 5,5 puntu
7. Berriozar (Nafarroa): 2 puntu

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun