Baztango herrietako alkateak karguak hartzen hasiak dira. Momentuz, Elbete bakarrik gelditu da alkate gabe eta hirugarren deialdia egin beharko dute, norbait animatzen den ikusteko. Bertze herrietan badute alkatea, kasu batzuetan berria gainera: Honela, Amaiurren Julian Rekalde hasiko da, Erratzun Juan Jose Bidart, Arizkunen Juan Cruz Iriarte, Elizondon Xabier Torres, Gartzainen Jose Luis Elizegi, Arraiozen Sotero Etxandi eta Anizen Asier Maritorena. Alkate lanean bertze legealdi batez segitzen dutenen artean, berriz, Azpilkuetako Jon Alkasena, Lekarozko Francisco Javier Elizalde, Iruritako Pello Obregozo, Oronoz-Mugairiko Bittor Elizagoien, Zigako Pablo Zenoz, Berroetako Arantxa Zozaia eta Almandozko Luis Roldan daude.
Elizondon karguhartzea
Errege Egunean kargua hartu zuen Elizondoko alkate berriak, 27 urteko Xabier Torres Letonak. Torres Xaloa Telebistako kamara da. Joan den urteko kontuak ere aztertu zituzten Errege egunean. Honela, 8.370,38 euroko irabaziekin itxi zituen 2008ko kontuak Elizondoko herriak. Santiago bestek eta hilerriak galerak ekarri zituzten, 51.941,94 eta 21.935,43 euro hurrenez hurren, baina 2007an 30.187 euroko superabita zegoela kontuan hartuz, udazkeneko ferietako postuengatik 19.444 euro lortu zirela eta herritarrek auzolanarengatik 39.290 euro ordaindu zituztela kontuan hartuz, irabaziekin akitu du urtea Elizondok. Guzira, 151.723,73 euroko gastuak eta 160.094,11 euroko sarrerak izan ditu Elizondok 2008an.