Baztango Udalak Urtarrila eta Otsailerako kultur agenda zabaldu du baztandarren artean, eta horretarako, Juanikotena Salaburu familiak utzitako argazki bat erabili du azalean, zehazki, Arizkungo inauteei buruzkoa. Urteko lehen ekitaldia, urtarrilaren 5ean, astelehenean gauzatu da eta zehazki, gure eskualde osoa bisitatu duten Ekialdeko Errege Magoen kabalgata izan da. Arratsaldeko 19etan abiatu da eta herriko kaleak zeharkatu ditu. Elizondoko herria da antolatzailea eta laguntzaileak, aldiz, Elizondoko Santiago zaindariaren lagunen elkartea eta Baztango Udala. Eguberri kontuak horrekin akituko dira eta urte sasoi honi dagozkion bestelako kontuak martxan paratuko dira. Hala, igande honetan, urtarrilaren 11ean, goizeko 11:45ean Lekarozko eskolan, Gaspar Castellanos de Gastonek “Lekaroz XVIII. Mendean” izeneko hitzaldia emanen du Lekarozko eskolan. Antolatzailea Legate auzokideen elkartea da.
San Anton eguna
Hurrengo hitzordua urtarrilaren 17an, San Anton egunean izanen da. Eguerdiko 12etan Elizondoko Foru Plazan bertso saioa, Baztan zopen dastatzea eta behi, zerri eta urdai azpikoen zozketa eginen da. Zozketa honetan ateratzen den dirua Francisco Joaquin Iriarte zahar etxearen alde izaten da. Arrakasta handia izaten du San Anton egunak eta aurten larunbata izanik, ziur herritarrek prestatutakoaz gozatzeko aukera ez dutela bazterrean utziko. 2009ko arte eta kultura programaren barne kokatzen da hurrengo ekitaldia. Javier Cigak margotutako Balda doktorearen erretratuaren inguruko bisita gidatua eginen da urtarrilaren 30ean arratsaldeko 20etan. Gutxienez 10 eta gehienez 20 pertsonetako plazak aukeran jarri dituzte eta izen ematea urtarrilaren 8tik 15era egin ahal izanen da. Antolatzailea Bitartean elkartea da.
Ikastaroak
Bertzalde, zenbait lantegi ireki eginen dira urtarrilean. Hasi berrientzako ordenagailuz idazten ikasteko ikastaroa eginen da urtarrilaren 19tik 23ra, goizeko 10etatik 12etara eta 12 orduko iraupena izanen du. Gutxienez 8 eta gehienez 12 lagunentzako lekua izanen da. Matrikula 12 euro kostako da. Maila ertaina dutenentzat telefono agenda sortzeko ikastaroa urtarrilaren 19tik 21era arratsaldeko 20etatik 22etara eginen da eta 4 orduko iraupena izanen du. Hemen ere gutxienez 8 eta gehienez 12 pertsonentzako plazak badira eta matrikula doakoa izanen da. Maila ertaina dutenentzat, argazki zaharren konponketa ikastaroa urtarrilaren 22 eta 23an arratsaldeko 20etatik 22etara eginen da eta 4 orduko iraupena izanen du. Gutxieneko eta gehieneko ikasleen kopurua bera izanen da tailer honetan ere, eta matrikula ez da deus ordaindu beharko. Maila ertaina dutenentzat bideo hitzaldia, messenger eta skype emanen da urtarrilaren 26tik 29ra goizeko 10etatik 12etara eta 8 orduko iraupena izanen du. Ikasle kopuru bera izanik, matrikula 10 euro ordaindu beharko da. Azkenik, maila ertaineko argazki bilduma sortzeko tailerra urtarrilaren 28 eta 29an arratsaldeko 20etatik 22etara emanen da. 4 orduko iraupena izanen du eta kasu honetan, ikasle kopuru bera izanen da eta matrikula ere debalde izanen da. Ikastaro guzti hauek Eskiz informatika zerbitzuan emanen dira eta izen emateko urtarrilaren 8tik 15era egin ahal izanen da. Pertsona bakoitzak gehienez ere bi ikastarotan izena eman ahal izanen du.
Cirque de Soleil ikustera
Ikastaroak alde batera utziz, aipatu Bilbon apirilaren 10ean Cirque de Soleik eginen duen “Varekai” ikuskizunera joateko ateraldia ere antolatu dela. Sarrera eta autobusaren prezioa 65 eurokoa izanen da eta izen ematea urtarrilaren 8tik aitzinera egin ahal izanen da Arizkunenea Kultur Etxean. Gehienez pertsona bakoitzak 4 sarrera erosi ahal izanen ditu.
Erakusketak Arizkunenean
Azkenik, Arizkunenea Kultur Etxean izanen diren erakusketak aipagai izanen ditugu. Urtarrilaren 9a bitarte Belen Arevaloren “V+2640 emakumezkoaren arabera” izeneko erakusketa bisitatu ahal izanen da. Tartetxo baten ondotik, urtarrilaren 16an zintzilikatuko ditu bere lanak Patxi Buldainek eta bere erakusketaren izenburua “27ko belaunaldikoak” izanen da. Urtarrilaren 31 bitarte ikus ahal izanen da arratsaldeko 10etatik 20:30era. Amaiurko serorategian Amaiurko monolitoaren 25. urteurrena dela eta, oroitzapeneko erakusketa paratu dute argazki eta dokumentuekin. Antolatzaileak Amaiurko herria eta Nafarroako Gobernua dira.