Baztango Batzar Orokorrak urteko lehen bilkura egin du

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 2a

Urteko lehen ohiko bilgura egin du urtarrilaren 2an Baztango Batzar Orokorrak eta bertzeak bertze hiru harrobien inguruko ustiapenaren gaia mahai gainean jarri dute. Kasu batean itxiera proposatu da birziklapen planta batean bilakatzeko, bertzean zabaltzea eta azken batean titularitate aldaketa.

Egitasmo ezberdinak

Elizondoko Sobrino Eraikuntza enpresak egitasmo bat aurkeztu du, non Iruritako Pikota parajean zabaldu nahi duen kalizazko harrobiak suposatuko lukeen eraginaren ebaluazioa aztertzen den. Era berean, ekinbide klasifikatuaren lizentziaren tramitea eskatzeaz gain, Industria Departamentuari baimena eskatu dio Askapen zabortegi bat zabaltzeko eraikuntzako materialak birziklatzeko. Gai honi lotutako bertze aferak, Legate Txikin kokatutako harrizko losen harrobian du eragina. Legate Txiki Harrobien elkarteak luzapena eskatu eta harrobiaren ustiapena gauzatzeko terrenoaren zabaltzea eskatu du. Hirugarren kasuan, soilik harrobiaren titularitatearen aldaketa eskatu da, Azpilkuetako Eskiz parajean. Eskaria harriaren mozketa eta komertzializaziora dedikatzen den Harri Lan enpresak egin du. Bertze gaiekin jarraituz, aipatu Atlantiar Pirineotako Departamentuak plubiometro bat jartzeko eta Ouhabia, Urdazuri eta Untxin ibaien ur emaria kontrolatzeko aparailua jartzeko eskaria egin duela.

Ur kontuak

Kantauriko Ur Konfederazioko Batzordeak zenbait komunikazio jakitera eman ditu eta 17 partikularri dagozkion aprobetxamenduen eskubideak bertan behera geratu direla aipatu ere. Ur Batzordeak ere eskaria egin du Errekalde erreka zeharkatzeko Gas Navarra eraikitzen ari den gasbidea bertatik pasa behar delako eta Artesiaga errekan, arrainen eskala bat eraikitzeko.

Oronoztarrak Xolborron trasferentzia planta egitearen kontra

Azkenik, Oronozko herriak batzarrean Xolborro parajean hondakinen transferentziarako planta bat ezartzea errefusatu izana ere agertu da eta honekin batera, herrietako beste zenbait alkatek egindako idatziak eta UPN alderdiak Baztango Ordenantzak berritzeko dagoen batzordeko kideen izendatzea ere. Urteko lehen Batzar Orokor honetan herrietako alkate berriak ezagutzera eman dira, nahiz eta oraindik ere zenbait herri alkate gabe egon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun