Hasiera batean, abenduan egitekoa bazen ere, azkenean urtarrilean inauguratuko dute Elizondon eraiki duten Haur Eskola berria. Orain arte Elizondoko Osasun Zentroaren ondoan zegoen eraikinak hartzen zituen 0-3 urteko haurrak baina ez zen Baztan guztiko umeak hartzeko nahikoa. Horregatik ekin zion Udalak Erabeta eta Merkatuzelai inguruan solairu bakarreko Haur Eskola eraikitzeari. Lanak gibeleratu dira baina laster zabaltzea espero da. 1.132.718,05 euroko aurrekontua izan du. Duela 16 urte sortu zen Baztango Haur Eskola zaharra. Hasiera batean goizez bakarrik eskaini zuen zerbitzua. Egungoa, ordea, osatua izanen da. 85 haurrei eskainiko die zerbitzua eta 920 metro koadro ditu. Nafarroako Erresumaren alde borrokatu zuen azken gaztelua izan zen Amaiurkoa. Duela 500 urte izan zen hori eta horren harira, 2012 bitartean gogoratzeko kanpaina bat eginen da. 1512an Gaztelako Erresuma Nafarroakoa konkistatzen hasi zenean, Nafarroako Erresuma berreskuratzeko hiru saio egin ziren: 1512an, 1516an eta 1521ean. Hain zuzen, Amaiurren babestu ziren Nafarroako Erresumaren aldeko azkenak, eta 1521 eta 1522 artean bataila gogorrak izan ziren herrian. Bada, kanpaina honekin Nafarroako independentziaren alde borrokatu izana gogoratu nahi da, eta hortaz eman diote izen hau ekimenari: Amaiur 1512-2012, Nafarroa bizirik.
Ekimena abendu hasieran aurkeztu zuten, bertzeak bertze, Miguel Jose Ariztia Amaiurko alkateak eta Santi Aldako eta Martin Garde Udaleko zinegotziek. 2009ko otsailaren 1ean Amaiurren eginen den ekitaldiarekin hasiko dute oroitzeko kanpaina hau.