Juanito Eraso abesbatzaren sortzailea eta zuzendaria hil zenean, Elizondoko Abesbatzak geldialdi bat izan zuen Isabel Lakar lesakarraren zuzendaritzapean abiatu ziren arte. Azken urte hauetan, berriro bere izena zabaltzen hasi da, gure mugetan barnat eta kanporat. Madril –joan den asteburuan, Nafarren Fermin Sainduaren Elizan–, Zaragoza,Valentzia eta Euskal Herrian dabiltza. Gainera, Zaragozatik ohorezko laugarren postua ekarri zuten, profesionalen abesbatzen artean. Iruritan ere izan ziren, eta Udalak, Salbatore Elizak eta Abesbatzak antolaturiko kontzertu honetan 15 abesti eskaini zituzten, Josune Makibar soprano arraioztarrak eta Sergio Martinez pianistak lagundurik. Errepertorioan Mozart, Hilarion Eslava, Mocoroa,Uruñuelaren… kantuak entzungai izan ziren. Elizondoko Abesbatzak jasotzen dituen dirulaguntzen truke, zenbait kontzertu eskaini behar ditu. Urtero herriz herri bisitak egiten ditu, eta aldi berean egiten dituen kontzertuak baztandar guztiengana ailegatzen ditu.