Jon Elizetxe da Mariano Izeta Sariketako hirugarren edizioko txapeldun berria. Bi kanporaketen ondotik azaroaren 29an jokatu zen Elizondon finala eta seikotea aritu zen lehian. Guztien artean Gartzaingo bertsolaria izan zen nagusi. 80 bertsozale inguru elkartu ziren Eliza ondoko aretoan eta saio politarekin gozatzeko aukera izan zuten. Elizetxe seguru aritu zen ofizioka eta kartzelako ariketetan borobildu zuen saioa. Denetara, 188 puntu lortu zituen. Bere ondotik, orain dela bi urte Mariano Izeta sariketa honetan garaile atera zen Oier Lakuntza iruñearra sailkatu zen, 183 punturekin. Hirugarren postua Leitzara joan zen, Diego Riaño gelditu zen; Alazne Untxalo iturendarra laugarren izan zen; Beteluko Aritz Saragueta bortzgarren eta Iraizotzeko Ekaitz Astiz seigarren. Saioa amaituta, Mariano Izeta zenaren alabak jantzi zion txapela irabazle berriari.