Inoiz egin den urbanizazio aldaketarik handienaren aitzinean daude Elizondon. Herriaren erdialdeko itxura aldatu nahi da, edertu, eta aparkatzeko toki faltari aterabidea eman. Itxuraldatzeaz harat, polemika dezente sortu da herrian.
Orain bi planteamendu daude kalapitaren erdian: plaza berritzea eta aparkaleku berria egitea. Hori dena hurbilagotik jakiteko, Agustin Olabe Baztango Udaleko hirigintza zinegotziarekin –NaBai– eta oposizioan dauden UPNko lau ordezkarirekin egon gara, Leopoldo Jaen, Isabel Vidart,
Mª Carmen Iribarren eta Jose Mª Garmendia. Auzia bizi-bizi dago.
Jaime Urrutia karrika .Orain erdi-peatonala
Mugikortasun Planaren barnean, Elizondoko Jaime Urrutia karrikako obrak joan den astean akitu zituzten. Traba arkitektonikoak kentzeko dirulaguntza hartu zuen Baztango Udalak eta horren bidez, karrika-bazter edo espaloien altuerara altxatu da karrika eta pibote batzuk ere paratu dira oinezkoen eta ibilgailuen bidea mugatzeko. Aurrekontua: 96.683,96 euro.
Dena den, karrikaren zati bat aldatu dute orain, udaletxe paretik Ziga Plazara bitartekoa. Hurrengo urteko otsailean, Merkatuko Plazatik hasi eta Balleko Etxeraino eginen dute, 230.000 euroko aurrekontuarekin.
Etorkizunean, Ziga Plazatik aitzinera, Jaime Urrutia akitu arteko zatia egin nahi dute.
Hasiera batean, karrika oinezkoentzako bakarrik izatea proposatu zuen Udalak. Baina aldaketak egin zituztela adierazi digu Agustin Olabe zinegotziak: «merkatari eta bizilagunekin bildu eta ez zuten begi onez ikusi. Eurek errandakoa aintzat hartuz, zuzenketak egin dira».
Pibote batzuek oinezkoei babesa ematen diete. Gainera, zortzi autorentzako geldialdiak egiteko guneak ere badira. Karga eta deskarga egiteko, 15-30 minutuz geldialdi mugatua. Horrekin batera, Balleko Etxe parean eta Ziga Plazan pibote pneumatikoak paratu dira, lurrazpian sartzen ahal direnak. «Noizbehinka erabat itxiko da karrika eta oinezkoentzako bakarrik geldituko da. Baina hori oraindik erabaki gabe dago». Bi helbururekin egin ditu lan hauek Udalak: «oinezkoei lehentasuna emateko eta merkatarien gunea berpizteko», azaldu digu Olabek. Lanak egin behar zirela aprobetxatuz, azpiko sarea ere hobetu da, gasa sartu da, eta iazko uholdeekin hondatuak gelditu ziren hainbat ubide konpondu dira.
Udalean oposizioan dagoen UPN alderdiaren arabera, ordea, «ez zen momentua». UPNko zinegotzi guztiak bat etorri dira horretan. Obra egin berriekin karrika «ongi gelditu bada ere, krisi garaian gaude eta Udalak guttiago bilduko duenez, beharrak lehenetsi behar dira». Horrekin batera, erabakiak hartzerakoan, UPN jokoz kanpo utzi izana ere leporatu diote NaBairi: «Dena NaBaik egiten du, gure iritzia zein den jakin gabe. Jaime Urrutiako merkatariekin bilerak egin zituztela erran ziguten, baina ez ziguten bilkuretara gateko gonbidatu». NaBaik, aldiz, zera UPNri: «Hirigintza Batzordean hartzen dira erabaki guztiak eta UPNk ez du iritzirik ematen».
Fco Joakin Iriarte karrika - Espaloia paratu da ika-mikarik gabe
Jaime Urrutiako lanekin batera, Francisco Joakin Iriarte Karrikan espaloia paratu zen. 65.234,50 euroko aurrekontuarekin egin dira eta honetan bat etorri dira Udaleko bi alderdiak: «beharrezkoa zen». Izan ere, trafiko haundia eta oinezko aunitz ibiltzen den tokia da, Osasun Zentrora, Baztan Haur Eskolara eta Zahar Etxera doazenak hortik baitabiltza. Abiadura murrizteko zebrabide bat ere paratu dute altueran.
Aparkalekua eta plaza - Foruen Plaza berritzeko ideien lehiaketa
Udalaren aspaldiko nahia da Elizondoko plaza itxuraldatzea. 2002ko Udal Planean ageri zen hori: «Foruen Plazaren ingurua Elizondoko berdegunea eta Espazio Librea da». PEPRI deitzen den plan berezi bat onartu zen eta bi unitatetan banatu zuten: batetik, plazaren ingurua jaso zuten, eta honekin batera, duela 25 urte bota zuten Kortea etxearen antzeko bat berreraikitzea proposatu zen. Bigarren unitatean, Arizkunenea Kultur Etxea eta honen ingurua hobetzea planteatu zen.
Plan berezi hori 2003an onartu zen, baina bere horretan egon da geroztik. Azken legealdian, Udalak berriz hartu zuen plana, baina aldaketa batzuekin: hasieran pentsatutako lurrazpiko aparkalekurik ez –«gehiegizko inbertsioa delako», dio NaBaik– eta Kortea etxearen antzekorik ere ez –«udaletxea gordeta» geldituko baitzen, «protagonismorik gabe»–.
NaBairen hitzetan, azken urteotan egin diren azpiegitura lanetan saneamenduari eman zaio «lehentasuna», eta horiek akituta, «Elizondoko plaza konpontzeko garaia da».
Hirurteko Azpiegitura Planen deialdian sartu eta plaza berritzeko Gobernuaren finantzazioa izateko, memoria baloratua egin behar izan du Udalak. Memoria horrek plaza nola gelditzen ahal den adieraziz, proposamen bat baino ez du jaso, ez da behin betiko proiektua. UPN alderdiak hori nahastu duela aipatu digu Olabek: «memorian ageri dena egin nahi dugula uste du, baina ez da inolaz ere horrela. Akaberakoa guztiz desberdina izan daiteke, ideien lehiaketa bidez erabakiko da».
Hain zuzen, horri eman zioten hasierako onespena hilaren 1eko udalbatzarrean, NaBairen aldeko 7 botoekin. UPN abstenitu egin zen.
Ideien lehiaketa egitea da Udalaren asmoa. Olabek azaldu digunez, plegu bat prestatzen ari dira eta hilbeltzean udalbatzarretik pasatzea espero dute. Lehiaketa hori zabalduta herritarrek iritzia emateko aukera izanen dute. Aurkezten diren proposamenak jendaurrean paratuko ditu Udalak eta «100etik 20 puntu herritarren iritzitik bilduko dira».
Hiru sari banatuko direla iragarri dute: lehenak 6.000 euro hartuko ditu; bigarrenak 3.000 eta hirugarrenak 2.000.
Aparkalekuekin tirabirak
Plaza berrituta, 30 aparkaleku desagertuko ziren. Eta hor bertze kalapita. Merkatari zein herritarrek maiz eskatu dute aparkalekuak egiteko eta Udalak herrigunean egitea lehenetsiz, Santiago karrikan 44 autorendako aparkalekua planteatu du. Asmo horrek, ordea, Eliza ondoko haur-parkea ukituko luke.
Gaur egun, jolas-parkea dagoen eremuaren erdia Udalarena da, eta bertze erdia Elizarena. Udalak proposatu duen parkingak Udalarena den zatia hartuko luke, eta hortaz, parkea osotasunean Elizaren lurretan egin zedin eskatu zion honi. «Elizak, ordea, ezetz erran digu». Elizaren ezezkoa ikusita, parkea plazan egiteko ideiari heldu dio orain NaBaik.
Elizaren lurrak ukitu gabe, eta haur parkea mugitu gabe, aparkalekuak egiteko bertzelako proposamena landu zuen Udalak duela hiru urte eta 26 aparkaleku aurreikusi zituen. Baina orduan «plazaren berritzea ez zegoen hain hurbil», dio Hirigintza zinegotziak. Orain bai, eta «plazako aparkalekua nonbait kokatu behar da».
Ez da Eliza horren kontra dagoen bakarra; herritarren hainbat sinadura ere tartean daude. Haur parkearen inguruan kezka duten «260 sinadura» aurkeztu dituzte parkea ez kentzeko eskatuz. Horren gibelean gaizki ulertua dagoela uste du Olabek: «gure asmoa ez da inolaz ere haurrei parkea kentzea». UPNk azaldu digunez, sinadurak hilabete eta erdiz desagertuak egon dira, eta gainera, «gurasoek erran digutenez, 380 izan dira, ez 260». Alderdi erregionalista ere haur-parkea tokiz aldatzearen kontrakoa da, «ez litzateke orain bezala geldituko, oraingoa haurrentzat babesa da eta gurasoentzat lasaitasuna».
Herritarren sinadurak kontuan hartzeko eskatu dio UPNk Udalari: «ezin da jendearen borondatearen gainetik pasatu, eta gaia berriz eztabaidatu eta bertze aterabideak bilatu behar dira».
Haur-parkearen afera da, dudarik gabe, eztabaidarik haundiena sortzen duena. UPNk jolas-parkea oraingo tokian nahi du, eta aparkaleku berria egiteko toki hobeak egonen direla uste du. NaBaik, berriz, proposamenak mahai gaineratzeko eskatu dio UPNri: «ez dira aparkaleku horren aldekoak, eta orduan non kokatu? Ekarriko du UPNk planteamendua? Zain gaude!», dio Olabek. Horren harira, UPNk eurei gaia aztertzeko ez planteatu izana salatu du. Ideien lehiaketa egitearen aldekoa da oposizioa, eta hortik aterako ziratekeen aterabideak aztertu eta erretangarriena aukeratzearen aldekoa.
Bi proiektu, beraz, parkingarena eta plazakoa. Eta bi iritzi kontrajarri. NaBairen ustez, biak lotzea «nahitaezkoa» eta hori egitea «jokaldi bat» UPNrentzat.