Egoera ez da batera xamurra, ez medikuentzat eta ez herritarrentzat ere. Medikuen zerbitzua behar bezala bermatzeko gabeziak daude eta hutsune hori ondorioak uzten ari da. Lanordu aunitz, mediku eta erizainen protestak, herritarrek kexak... Eta orain dimisioa. Sagrario Elcuaz Baztango Lehen Mailako Arreta zerbitzuko zuzendariak kargua utzi du, «osasun zerbitzua antolatzea ezinezkoa delako». Hala jakinarazi zion Osasunbideari abenduaren 11n. Zerbitzua egituratzeko gabeziak goizeko kontsultetan eta guardietan daudela azpimarratu du Elcuazek bere dimisioan.
Sei urte langile eskasiarekin
Arazoa ez da oraingoa: «sei urte daramatzagu langile eskasiarekin». Izan ere, guardiako zerbitzuan behar diren sei medikutatik bakarra baino ez dago, eta dagoen horrek pediatra lanak ere egin behar ditu. Osasunbideako Lehen Mailako Arreta zerbitzuko zuzendariordetzari behin eta berriz eskatu diote arazoa konpontzeko neurriak har ditzan, baina antza, «ez du erantzunik eman», eta euren eskuetan dagoenarekin saiatu arren ezin omen dute gehiago egin. Udalak ere Gobernuari arazoa konpontzeko eskatu izan dio baina ez du erantzunik jaso eta medikuen zerbitzuan dagoen hutsuneak bere horretan dirau.
Medikurik ez kontsultetan
Abenduaren hondar aldera, Oronoz-Mugairiko mediku titularrak erretiroa hartzekoa zen; Iruritan bi profesionalek egon beharko lukete, baina bakarra dago; Elizondon hirutik bat bajarekin dago.