Anizko Jauregiako eguneko esnea Iruñaldean eskuratzeko aukera ere izanen da, Atarrabian pasteurizatutako esnea ematen duen makina inauguratu baitzuten asteazkenean, abenduaren 10ean. Jauregiakoen asmoa Iruñean paratzea zen, baina udal araudiak enbasaturik ez dauden produktuak saltzea debekatzen duenez, Atarabiako Ezkaba gasolindegian paratu dute.
35 behien produkzio osoa merkaturatua
Gisa honetara, Azkaratetarrek dituzten 35 behien produkzio osoa merkaturatzea lortu dute. Gogoratu behar da duela urte batzuk yogurrak, yogur irabiatuak eta gasnak komerzializatzen hasi zela Jauregia, baina halere esnea soberan zuten. Aurten, abuztuan, Italia eta Suitzan ikusitako eredua segituz, eguneko esnea ematen duen makina paratu zuten Elizondon, estatu osoan jartzen zen lehenbizikoa. Arrakasta handia izan du eta egunero 150 bat litro saltzen dituzte eta aste hondarretan makinako esnea akautu egiten da. Horregatik, bigarren makina jartzera ausartu dira. Elizondoko makinak 280 litroko depositua dauka eta Atarrabiakoak halako bi.
Kalitatea dute helburu, ez ahalik eta gehien produzitzea
Azkaratetarrek azpimarratu dutenez, beraien helburua ez da ahalik eta gehien produzitzea, kalitatea baizik eta horregatik esne integralaren markan sartuak daude. Marka hau lortzeko baldintza zehatzak bete behar dituzte behiek, baina esnearen kalitatea eta frexkotasuna segurtatzen du. Elizondokoak bezala, Atarrabiako makinak ere euro batean esne-litroa ematen du eta 50 euroan litro erdia. Egokiena norberak bere botila behin eta berriz eramatea bada ere, makinak berak plastikozko eta kristalezko botilak ematen ditu, 40 eta 60 zentimoren truke.