Abenduaren 3a, Xabierko Frantziskoren Eguna, Nafarroaren Eguna ospatzen da. Besta eguna da Nafarroan eta Elizondon, gainera, Nafarroako Etxeen Besta ospatuko dute, Nafarroako Etxeen Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak antolatuta. Goizeko 10:00etan Elizondko karriketan barrena musika izanen da. 11:00etan dantzariak izanen dira Plazan. 12:00ean Meza Nagusia emanen da Santiago parrokian eta segidan, Etxarri Aranazko Abesbatzaren eskutik kontzertua izanen da. Arratsaldeko 17:30ean, folklore talde ezberdinen ikuskizunak eskainiko dira frontoian, sarrera doan izanen duen jaialdian.
Ikuspunta 2008 zinema dokumentaleko lan saridunak ikusgai
Nafarroaren Eguneko ospakizun handi honek, hasiera emanen dio Baztanen abenduan eginen diren kultur ekitaldiei. Zinemak ere bere lekua izanen du, abenduaren 6, 7 eta 8ko asteburu luzean, “Ikuspuntua 2008” Nafarroako zinema dokumentaleko jaialdian saritutako filmen emanaldia izanen baita Elizondoko Jorge Oteiza Etnografia Museoan. Honela, epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen “Irakurri, ni hil ondoren”, Morgan Dews-en filmea ikusgai izanen da larunbatean, abenduaren 6an, 18:00etan eta igandean, abenduaren 7an, 18:25ean. Bigarren emanaldi hori baino lehen, igandean, 18:00etan, film labur onenaren saria jaso zuen Rafal Skalskiren “52 procent” lana ikusgai izanen da. Astelehenean, abenduaren 8an, azkenik, Zuzendari onenarendako Jean Vigo saria eskuratu zuen Tatsuya Yamamotoren “Bere bihotzeko etxe zaharra” filma ikusgai izanen da 18:00etan. Ziklo honekin zerikusirik ez duen bertze pelikula bat, “Go! Azen” euskarazko film musikala ikusgai izanen da abenduaren 20an, larunbata, arratsaldeko 16:00etan leku berean.
Ipuin kontalariak eta erakusketak
Abenduaren 13an, larunbatarekin, Behi Bi’s taldeak “Rosi erosi” haurrendako ipuina kontatuko du Amaiurko eskolan, 17:00etan. Erakusketei dagokienez, Belen Arevaloren “U+2640 en femenino” pintura erakusketa ikusgai izanen da abenduaren 19tik urtarrilaren 9ra Arizkunenean. Horretaz gain, Amaiurko monolitoaren 25. Urteurrenaren oroitzapenezko erakusketa ere ikusgai dago Urtezahar eguna bitarte Amaiurko Serorategian.
Musika kontzertuak eta antzerkia
Musika kontzertuei dagokienez, udal musika eskolak Eguberrietako kontzertua eskainiko du abenduaren 20an, larunbatean, arratsaldeko 18:00etan Elizondoko parrokian. Leku berean, baino astebete beranduago, abenduaren 27an, kontzertua eskainiko du Elizondoko Banda Recreok, arratsaldeko 19:00etan. Antzerkian, Iruritako Aranabia Antzerki Taldeak, jaiotza biziduna eskainiko du abenduaren 25ean, ortzegunean, arratsaldeko 18:30ean, Aranabia pilotalekuan. Sarrera 3 euro ordaindu beharko da.