Baztango Udalak eta Bidelagun Boluntario Elkarteak elkarlan hitzarmena sinatu zuten ortzegun eguerdian Balleko Etxean, atzerritarren harrera eta integrazio programak hobetzeko eta guttien duten gizarte taldeei arreta eskaintzeko. Baztango Udalaren aldetik, Virginia Aleman alkateak, Martin Garde zinegotziak eta Helena Urtasun gizarte langileak sinatu zuten hitzarmena eta Bidelagun elkartearen aldetik, Isidro Herguedas arduradunak.
15.000 euroko dirulaguntza Nafarroako Gobernutik
Bidelagun elkarteak urteak daramazki adinekoak eta atzerritarrei arreta eskaintzen boluntarioen bidez. Balleko udaletik, inmigrazioarekin lotutako ekimenak Gizarte Zerbitzuarekin elkarlanean egitea proposatu zitzaion Bidelagun elkarteari eta horretan ari dira. Nafarroako Gobernuko Inmigrazio Departamentuari proiektua aurkeztu eta 15.000 euroko dirulaguntza jaso dute. Proiektuak bi zati nagusi ditu: batean, gizarte zerbitzuak sendotzeko eta koordinatzeko lanean ariko dira eta bertzean gizartea sentsibilizatzeko lanean. Arlo honetan, Islamari buruzko jardunaldiak eta zine emanaldiak egin ondotik, Baztango etxeetan banatuko den gida bat egiten ari dira orain.
504 atzerritar Baztanen
Baztanen 504 atzerritar daude gaur egun, populazio osoaren %6,45a. Horietatik erditsua, 242, Europatik dator, 220 Amerikatik eta 40 Afrikatik. Elizondon somatzen da atzerritar kopururik handiena, hamar bizilagunetik bat kanpotik etorria baita. Baztanen 35 herrialde ezberdinetako atzerritar daude eta 17 hizkuntza solasten dituzte.