Amaiurrek jantzi du Nafarroako 640 kiloz beheitiko sokatira txapela

Utzitako argazkiak 2008ko aza. 25a, 16:05
Amaiurko taldeak jantzi zuen lehenbiziko txapela larunbatean Elizondon. TTIPI TTAPA

Beti Gazteko neskek abantaila hartu dute heldu den larunbateko hondar saioari begira

Amaiurko taldeak jantzi zuen larunbatean Elizondon Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketako lehen txapela, 640 kilokoa. Zortzinakako txapelketa honetan, mutiletan bi talde bakarrik ari dira, Berriozar eta Amaiur. Joan den igandean Arbizun jokatutako saioan Berriozarkoak nagusitu ziren, baina larunbatean Amaiurkoak gailendu ziren. Beraz, puntutan berdinduak gelditu ziren, baina Berriozarrek, hasierako bi tiraldietan hiru faltak egin zituztenez, tiraldiak baztandarrentzat izan ziren. Beraz, bi jardunaldien ondotik, puntutan berdinduak gelditu zirenez, desenpaterako tiraldiak egin zituzten eta hauetan ere Amaiurkoak nagusitu zirenez, txapelak beraientzat izan ziren.

Beti Gazteko neskek abantailatxoa

Emakumezkoetan, berriz, 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatu zen. Arbizun Beti Gazte eta Sakanak berdindu egin zuten sailkapen buruan, elkarren arteko tiraldi bana eta bertze guziak irabazita. Elizondon, berriz, lesakarrak nagusitu ziren tiraldi guzietan eta jokoan zeuden lau puntuak eskuratu zituzten. Sakana bigarren izan zen, Beti Gazteren kontra galdu eta Amaiur eta Txantreari irabazita. Amaiurrek Txantreari bakarrik irabazi zion eta bertze tiraldi guziak galdu eta Txantreakoek tiraldi guziak galdu zituzten.

Hondar saioa heldu den larunbatean Lesakan

Honela, heldu den larunbatean, azaroaren 29an, erabakiko da emakumezkoen txapela Lesakan, arratsaldeko 18:00etatik aitzinera jokatuko den hondar saioan. Herriko neskek abantailatxoa izanen dute azken saiorako. 7 puntu terdirekin sailkapen buruan daude, Sakanak 6 puntu terdi ditu, Amaiurrek 4 eta Txantreak 2. Beraz, Beti Gazte eta Sakanaren artean erabakiko da txapela. Emakumezkoen 500 kiloko hirugarren jardunaldiaz gain, gizonezkoen 600 kiloz beheitiko txapelketa ere jokoan izanen dute Lesakan Amaiurrek eta Berriozarrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun