Baztan-Bidasoaldeko hondakin solidoen transferentzia planta Oronoz-Mugairiko Xolborro inguruan egitekoa da, baina ez dira horren aldekoak herritarrak, eta hala adierazi zuten urriaren 17an egindako batzarrean.
Herritarrek badakite Baztan-Bidasoako arazo nagusietako bat, guziok sortzen ditugun zaborren arazoari konponbidea eman behar zaiola, eta horregatik, bat egin dute transferentzia planta eraikitzeko ekimenarekin. Baina ez dute uste Xolborro denik lekurik egokiena, ondo-ondoan Oronoz-Mugairi urez hornitzen duen iturria baitago. Kutsadura eta bertze eragozpenak sor daitezkeelako Xolborron jartzearen guziz kontra daude eta inguruan leku egokiagoak eta arrisku guttiago sortzen dutenak badirela uste dute.
Gainera, herritarrek salatu dutenez, «herriari ez zaio inoiz informatu Xolborron planta hori jartzeko asmorik dagoenik, ezta proiektua idazten ari zirenik ere». Horregatik, eman ez dioten informazioarengatik protesta azaltzea ere erabaki zuten batzarrean eta hemendik aitzinera, transferentzia plantaren behin betiko kokapenaz eta herriarengan eragin zuzena izan dezaketen bertze gaiei buruz informazio zuzena ematea eskatu diete proiektuan zerikusia duteneei. Bere garaian, N-121eko lanen ondorioz, Xolborroko iturri hori galdu egin zen, baina lan haundia eginez, berreskuratu egin zuten. Orain, herritarrek ez dute iturria berriz galtzen utzi nahi.