Delegatuak diren eta ez diren zinegotzien ordainsari berriak onartu ditu Udalak

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 24a

NaBairen aldeko zazpi botoekin eta UPNren kontrako seirekin atera da aitzinera

Zinegotziek ordainsari berriak dituzte hilaren hasieraz geroztik. Hala onartu zuen Udalak azaroaren 3ko plenoan, NaBairen aldeko zazpi botoekin eta UPNren kontrako seirekin. Erabaki berria aitzineko ordainsarien kontra UPNk epaitegietan aurkeztutako salaketaren ondotik etorri da. Izan ere, 2007ko irailean Udalak legealdi berriko ordainsariak onartu zituen, baina UPNk zinegotzi delegatuek eta ez zirenek jasoko zutenaren artean alde haundiegia zegoela iritzita, helegitea aurkeztu zuen. Bada, Nafarroako Auzitegi Administratiboak onartu egin du Leopoldo Jaen zinegotziak UPNren izenean paratutako helegite hori eta horren harira proposatu zituen NaBaik ordainsari berriak.

Horren arabera, honela gelditu dira:

-Zinegotzi delegatuak: Udaleko zereginetan egunero aritzen direnak eta astean 20 ordu baino gehiago sartzen dituztenak, hilabetean gehienez ere 1.200 euro jasotzen ahalko dituzte, 75 euro eguneko.
-Zinegotzi delegatuak: egunero lan egin baina astean 10 ordu baino gehiago sartzen dituztenak, hilabetean 800 euro jasotzen ahalko dituzte gehienez, 35 euro eguneko.
-Delegatuak ez diren zinegotziak: gehienez 300 euroko ordainsaria izanen dute hilabetean, 15 euro eguneko. NaBaik proposatutakoaren arabera, zinegotzi hauei–UPNko zinegotziak talde honetan sartzen dira– bertzelako bilkuretarako joateagatik gehiago jasotzea tokatuko balitzaie, 75 euro gehiago emanen zaizkie. Horrekin batera, zinegotziek egiten duten dedikazioa guztia zehatz aurkeztu beharko dute hilabetero.

Hori izan zen hilaren 3ko plenoan NaBaik aurkeztutakoa eta Udalean gehiengoa izanik onartu zuena. Baina antza, UPN ez dago konforme eta horren kontrako helegitea jartzeko asmoa adierazi du. Plenoan bertan, UPNko Jose Mª Garmendia zinegotziak, NaBairen proposamen berria Nafarroako Auzitegi Administratiboaren ebazpenaren «guztiz kontrakoa» dela adierazi zuen.
Horrez gain, UPNek Udalak dituen «zailtasun ekonomikoak» direla-eta, alkatearen eta korporazioaren lansari eta dietak izozteko eskatu zuen.

UPNren eskaera

Bertze proposamena ere luzatu du UPNk. Elizondoko Jaime Urrutia karrika oinezkoentzako egokitzeko proiektuak eta elizako parkearen zati batean 50 autorentzako aparkalekua egiteko egitasmoak herritarren artean sortu duen «gaitzespena» dela-eta, Elizondoko plaza eta bere ingurua zaharberritzeko proiektu berri baten deialdia egitea eskatu zuen, «lehiaketa bidez eta onena aukeratuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun