Mediku zerbitzuen murrizketa salatzeko

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 24a

Komunikabideen bidez jakin dugu Osasun Departamentuak Baztanen dauden bi Arreta Iraunkorreko Zentroetako bat itxi nahi duela, Oronozkoa, hain zuzen. Horren aitzinean, Baztango zinpeko alkateok, Batzar Nagusia eta Baztango Udalaren erabateko babesarekin, erabaki dugu neurri horrek sortzen digun kezka azaltzea eta Osasun Departamentuari eskatzea bere postura birplantea dezan.
Neurri hau aitzinera ateratzen bada, mediku bakar batek eta erizain batek Baztan Balleko larrialdi guztien ardura hartu beharko dute. Gure ustez, osasuna arras gai garrantzitsua da eta bertan ez dira baliabideak murriztu behar. Kontuan hartu behar da Baztan Nafarroako udalerri haundiena dela eta bere mugen artean 375 kilometro koadro biltzen dituela. Horretaz gainera, populazioa sakabanatua dago 15 herri eta hainbat eta hainbat baserriren artean. Aunitzetan mediku eta erizainek distantzia haundiak egin behar izaten dituzte eta gainera, sarritan, bideak ez daude asfaltaturik eta kilometro anitz egin behar izaten dituzten bide zakarretan.
Honengatik guziagatik, Nafarroako Gobernuko Osasunbideko kontseilariari eskatzen diogu aipatu Arreta Iraunkorreko Zentroa ez ixtea.

Baztango zinpeko alkateak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun