Baztan-Bidasoaldeko hondakin solidoen trasferentzia planta Oronoz-Mugairiko Xolborro inguruan egiteko proiektuaren kontra agertu ziren Oronoz-Mugairiko bizilagunak, urriaren 17an egindako batzarrean.
Trasferentzia planta bai, Xolborron ez
Herritarrek badakite Baztan-Bidasoako arazo nagusietako bat, guziok sortu eta gero birziklatu behar diren zaborrak biltzea, moldatu behar dela eta horregatik bat egin dute trasferentzia planta eraikitzeko ekimenarekin. Baina ez dute uste Xolborro denik lekurik egokiena, ondoan Oronoz-Mugairi urez hornitzen duen iturria baitago. Kutsadura eta bertze eragozpenak sor daitezkeelako Xolborron jartzearen guziz kontra daude eta inguruan leku egokiagoak eta arrisku guttiago dutenak badirela uste dute.
Informazio eza
Gainera, herriari ez zaio inoiz informatu Xolborron planta hori jartzeko asmorik zegoenik ezta proiektua idazten ari zirenik ere, Oronoz-Mugairi zuzenean eragiten badio ere. Horregatik, herriari eman ez zaion informazioarengatik protesta azaltzea ere erabaki zuten batzarrean eta hemendik aitzinera, trasferentzia plantaren behin betiko kokapenaz eta herriarentzat eragin zuzena izan dezaketen bertze gaiei buruz informazio zuzena ematea eskatu diete proiektuan zerikusia duten erakundeei.
Ez dute iturria berriz galdu nahi
Bere garaian, N-121eko lanen ondorioz, Xolborroko iturri hori galdu egin zen, baina ur-mozketak etengabeak zirenez, Baztango Udalaren laguntzaz eta lan handia eginez, berriz ere berreskuratu egin zuten. Orain, Oronoz-Mugairiko herritarrek ez lukete Xolborroko iturria berriz ere galtzen utzi nahi.