Nafarroako Gobernuko Herrilan Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak eta Baztan Balleko Udalak elkarlan hitzarmena sinatu zuten ortzegun goizean Arizkungo zeharbidean, NA-2001 errepidean, moldaketa lanak egiteko. Lan hauek Arizkungo sareen berritze eta zolaberritze proiektuaren barnean daude. Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilariak, Laura Alba Cuadradik eta Baztango alkateak, Virginia Alemanek, sinatu zuten hitzarmena.
Zeharbidea eta errotonda
Honela, Arizkungo herrigunean barna pasatzen den errepidearen 550 metroak moldatuko dira eta errotonda eginen da Erratzutik Izpegira doan NA-2600 eta Arizkungo NA-2001 errepideen bidegurutzean, bidearen segurtasuna hobetzeko helburuarekin.
1.132.718 euroko aurrekontua
Lanen aurrekontua 1.132.717,95 eurokoa da eta Nafarroako Gobernuak 362.474,92 euro jarriko ditu 2009ko aurrekontuetan. Urteetan egin diren lanen poderioz, Arizkungo etxe aunitzen sarrera baino altuagoa da kaltzada. Zeharbide berriarekin arazo hori moldatuko da eta Arizkungo sareak berritzeko aprobetxatuko da. Zeharbideak 5 metroko zabalera izanen du gehienez, eta posible denean, metro banako espaloiak eginen dira bi aldeetan.