Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatutako Nafarroako Euskal kantu txapelketako bigarren saioa larunbat honetan, azaroaren 15ean, eginen da Elizondoko Lur dantzalekuan, arratsaldeko 18:00etatik aitzinera. Iruñeko taldeak, Telesforo Monzonen hitzak eta Pantxoa eta Peioren musika duen “Itziarren semea” kantatuko du. Xabier Leoz eta Xabier Torresek kantatuko dute, Jorge Sanchez gitarra akustikoan eta Mikel Hernandez eta Gorka Mariño txalapartan lagun dituztela. Xanti Begiristain, Etxarri-Larraungo bakarlariak, Xalbador eta Amets Arzallusen hitzak eta Pantxoa Carrereren musika duen “Euskaldun erdaldun kantatuko du. Xantik berak txistua joko du, Gotzon Espinozak zeharkako txirula eta Kepa Vallesek silbotea. Arbontzeko Sabina Igiñiz eta Iruñeko Naia Lopezek osatutako bikoteak, Lor taldearen “Zure doinua” abestuko dute, Miguel del Burgo gitarra akustikoarekin lagun dutela. Aurtengo ezusterik handiena, Zaragozatik datorren Maite Mené bakarlaria izan da. Berak sortutako “Behin eta berriro” kantua abestuko du lehenik, berak gitarra joz. Gero, berak sortutako “Binta” kantua eskainiko du, Maite bera gitarrarekin, Andoni Martinez akordeoiarekin, Maika Iriarte gitarrarekin, Josu Zabala bongoekin eta Iñaki Zabala güiroarekin lagun dituela.
Zaira Latasa elizondarra Orbaitzetako Leire Hualderekin bikotean
Elizondoko Zaira Latasak eta Orbaitzetako Leire Hualdek osatutako bikoteak, “Atharratzeko gazteluko kantua” herrikoia abestuko dute. Zaira Latasak berak joko du gitarra eta Edurne erreak txirula. Auritzberriko taldeak, Ainara Villanueva eta Edurne Errea kantari dituela, Ainara Villanuevak berak sortutako “Kontatu nahi nizuke” kantatuko du. Maria Villanuevak joko du gitarra akustikoa, Gorka Erburuk teklatua, Markel Gomezek bateria eta Edurne Erreak bajua.
Bortzirietako bi talde
Bortzirietako taldeak, Ainhoa Lanz, Maite Telletxea, Amaia Irazoki, Amaia Espinosa, Amaia Eneterreaga eta Maddi Uranga kantari dituela, “Bizitza hala da” kantua abestuko du. Alanis Morisseteren “Ironic” kantuaren bertsio honetan Matixa Oteizak joko du bateria eta Leire Barrutiak gitarra. Lesaka eta Etxalarko partaideak dituen Iragana taldeak Etzakit taldearen “Urrun izan arren” kantatuko du. Haizea Irigoien eta Olaia Iantzi lesakarrak izanen dira abeslari, Amaia Telletxea baterian eta Irune Elizagoien trikitixa jotzen. Tuterako Saioa Crespo bakarlariak berak sortutako abestia kantatuko du. Larraungo Joxe Inaxio Barberia bakarlariak, Pier Topet “Etxahun”en hitzak eata Benito Lertxundiren musika duen “Maria Solt ta Kastero” kantua abestuko du. Tafallako taldeak, azkenik, bi kantu eskainiko ditu: Berri Txarrak taldearen “Bisai berriak” eta Gatibu taldearen “Urepel”.
Finala azaroaren 22an Burlatan.
Joan den astean Altsasun eta larunbatean Elizondon eginen den saioen ondotik, azaroaren 22an eginen da final haundia Burlatako Kultur Etxean, arratsaldeko 18:00etan.